Datorren urtean, berriz
ESPAINIAKO KOPA
Osasunak galdu egin du Valentziaren aurka 1/8etako joanekoan (0-2).
Berdina izango zela, baina ezberdina. Horra Osasuna-Valentzia gaur gaueko partidaren inguruan aurrez esandako kontuak. Emaitzak ere bi hitz horien artean egon behar zuen nahi edo ez, eta azkenean, berdina izan da… baina handiagoa, okerragoa: Valentziak 0-2 menderatu du Osasuna (larunbatean, 0-1).
Espainiako Kopako 1/8etako joanekoan, beraz, ia agur esan dio lehiaketari Mendilibarren taldeak. Joan zen larunbatean bezala, Valverderen taldea nagusi izan da, eta emaitzak azaldu du nagusitasuna.
Mendilibarrek 10 jokalari berri atera ditu larunbatekoarekin alderatuta (Etxaidek bakarrik jokatu du berriz hasieratik); Valverdek 4 berri bakarrik. Parejok sartu du lehen gola, faltaz, lehen zatiaren amaiera gertu zela, eta Soldadok bigarrena, 93. minutuan, bukaera-bukaeran.
Osasunak mirari baten parekoa beharko du urtarrilaren 8an, Valentzian, Kopan aurrera segitu ahal izateko.