Buruko min denak ez dira txarrak
ESPAINIAKO KOPA
Alavesek galdu egin du Bartzelonaren aurka (0-3).
- Ezusteak izaten dira tartean behin futbolean, baina Bartzelonak jokatzen duenean, apenas. Ezusterik ez emaitzan, ezusterik ez jokoan.
- Partida ona izan da ikusteko, eta ez Bartzelonak jokatu duelako bakarrik (bere partida ia denak izaten dira ederrak). Alavesek ere eman dio berea ikuskizunari. Egin behar zuena egin du, eta guztiaren oinarrian lehiakortasuna jarri du. Ez da beldurtu, ez da ezkutatu, eta buruz buru jokatu dio Bartzelona handiari.
- Alavesek defentsako lana honela antolatuta izan du: 4ko bi lerro eta 2 aurrelari, denak bere zelaian. Hegalak eman dizkio Bartzelonari, barneko jokoa geratzeko asmoz, 2 aurrelarien laguntzarekin. Bartzelonak erasoan hegalak baliatu ditu, zuloak ondo ikusiz, joko landuan eta pase luzeen bidez ere bai (alderik aldeko paseak). Gero, etekin handirik ez dio atera baliabide horri.
- Baloiaren jabe Bartzelona izan da, abilak direlako ez galtzen, eta galtzen dutenean abilak direlako presioan. Alaves atzean sartzera behartu du horrela, eta etxekoek ezin zituzten bizpahiru pase segidan eman. Oso noizean behin hautsi du presioa; esaterako, lehen zatiko minutu batzuetan, Villak gola sartu baino lehenago.
- Villarena, jokaldi osoa hartuta, ederra izan da, baina Alavesek indartu nahi izan duena (Bartzelonari erdiko jokoa galarazi) hankaz gora joan da. Oso onak dira Iniesta, Villa eta beste guztiak.
- Bigarren zatian, Alavesek aurreratu egin du defentsako lana, presioa erabiliz goian. Beste baliabide bat. Berez bizia izan den partidari erritmoa altxarazi dio horrek, eta estutu egin ditu gauzak (estutu, Bartzelonaren aurka estutu ditzakeen neurrian). Orduan sartu du sekulako gola Iniestak.
- Ondoren, minutu aldrebesak izan ditu Alavesek, hautsita egon da taldea, luzeegi, eta hori pagotxa da Bartzelonarentzat. Aukerak sortzen jarraitu du, baina asmatu ez.
- Bukaerako tartean, Alaves berriz ere bere onera etorri da. Saiatu, saiatu da, partida osoan bezala, baina gola Cescek sartu du. 0-3, eta kanporaketa erabakita. Festa ederra izan da, gau giro paregabean (Pintori burura zerbait bota dion ‘zalearena’ izan ezik), eta futbolaren mozkorraldiaz gozatu dute guztiek. Bihar, ez da buruko min txarrik izango Alavesen baitan. Onak ere badira buruko minak.