Bramall Lane: Historiaren lekuko nekaezina

Egilea:

Data: 2013/11/05

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA
Bramall Lane da goi mailako kirol jardunak hartzen dituen munduko estadiorik zaharrena. 1855koa da. Leku historiko horretaz idatzi digu Dabi Piedrak bere aurreneko testua izango dena gurean.

Argazkilaria: DABI PIEDRA

Bere historia luzean, Sheffieldeko (Ingalaterra) Bramall Lane futbol zelaiak kriket, errugbi eta futbol partidak ikusi ditu. Makina bat eraldaketa jasan behar izan ditu, une bakoitzeko beharretara egokitzeko eta, gaur egun, Sheffield United taldeak erabiltzen du etxeko neurketak jokatzeko. Aipagarria da, Euskal Herrian, Bilboko San Mames zelai zaharraren adina: udan eraitsi zutenean ehun urte zeuzkan. Egin kontu, Bramall Lanek 158 urte bete ditu dagoeneko eta luzaro iraungo duela dirudi. Goi mailako kirol partidak hartzeko gaitasuna duten joko-zelaien artean, zaharrena da munduan.

Bramall Lane etorbidean dago zelaia (hortik datorkio izena), Sheffield hiri erditik hurbil. 1855ean eraiki zutenean, baina, eremu hura hirigunetik kanpora zegoen, Sheffieldeko industriaren ke eta zikinkeriatik urrun. Leku aproposa, beraz, kriket zelai bat jartzeko. Lehenengo neurketan, The Twenty Two taldeak The Eleven garaitu zuen. Yorkshire konderriko Kriket Klubak ere, han jokatu zituen lehenengo partidak. XX. mendearen hasierara arte, ohikoa zen Bramall Lanen kriket norgehiagokak ikustea. Txirrindularitzarako pista bat ere egin zioten inguruan.

Sheffield hiria kirol batekin lotua bada, ordea, hori futbola da. Hiriko klubak futbol modernoaren aintzindari izan ziren eta, Bramall Lane, futbolaren lehenengo pausu haien lekuko izan zen. 1862an, Hallam eta Sheffield taldeen arteko ongintzazko partida bat izan zen han antolatutako lehenengoa. Londreseko Wembley eraiki zen arte, goi mailako neurketa asko hartu zituen, tartean Ingalaterrako selekzioaren batzuk. 1880an, The Wednesday taldearen etxe bihurtu zen eta, talde horrek zelai berria eraiki zuenean, Bramall Lanerako klub berria sortu zuten, 1889an: Sheffield United, gaur eguneko jabea.

Bramall Lane hazten joan da hamarkadaz hamarkada. 1936an, inoizko jendetzarik handiena batu zuen, 68.000 ikusle Sheffield United eta Leeeds Uniteden arteko kopako partiduan. 90eko hamarkadan, berriz, zutik egoteko harmailak kendu ziren, Sheffieldeko beste estadio batean, Hillsborough-en, gertatutako tragedia ez zedin errepikatu. Gaur egun, 32.000 ikusle sartzen dira, denak eserita. Sheffield United talde historikoa, Ingalaterrako liga baten eta lau koparen jabea, ez dago unerik gozoenean, First Division mailan hondoratuta (hirugarren mailan, alegia). Hala ere, bataz beste 18.000 lagun erakartzen ditu partida dagoen bakoitzean.

158 urteko zelai zaharrak, historiaren lekuko nekaezinak, luzaro iraungo duela dirudi. Izan ere, adinez munduko zaharrena da, baina harmaila guztiak eraberrituta dauzka, gaur eguneko beharretara egokituta. Bulego eraikin bat ipini diote korner baten ondoan eta, beste izkinan, luxuzko hotela dauka. Hori bai, kriket zelai gisa egin zituen urteak ez ditu ahaztuko: Harmaila nagusiaren kanpoaldeko horman, 1855etik iraun duen erloju bat dago. Erlojuak ordua zuzen ematen du gainera.

Argazkilaria: DABI PIEDRA