Botika nork nori?
MALLORCA-ATHLETIC (larunbata, 18:00) Menderatzeko erraza ematen du Mallorcak, baina Athletic ere antzera dabil. Lehia arriskutsuaren itxura dauka.
Nahiagoko lukete Athleticeko jokalariek eguzkia hartzera joatea Mallorcara. Hemengo eguraldi petralari ospa egiteko bada ere. Baina ez, futbolean jokatzera doaz, eta erantzukizun handiarekin, gainera. Baina arazoei begietara begiratu behar diete, hortzak estutu, eta ahalik eta partida txukunena jokatu.
Bihar, Mallorcan, zenbat eta txukunago jokatu, orduan eta gertuago izango ditu hiru puntuak. Kontrakoa gertatzen bada, akabo.
Sailkapena hartu eta etxekoen azkenaldiko ibilia aztertuta, konfiantza eduki behar luke Athletic osoak biharko. Baina mesfidati dago, beren taldea ere ez dagoelako festetarako. Biak gaizki, Mallorca eta Athletic. Zein egongo da okerrago bihar 20:00ak aldera, partida amaitzean? Erantzuna ezin eman. Nork nori emango dio botika, penak eta ajeak sendatzeko?
Bien ibilia kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa izango jokalari zalantzatiak agertzea zelaian, konfiantzaren dosia ahulduta dutela. Hala bada, ez eskatu egin ezin duten ezer egiteko. Ahal dutena egingo dute, eta kitto. Testuinguru horretan sartu beharko da neurketa, horren baitan aztertu beharko da.
Itxuraz, ikusirik Mallorcak ez duela defentsako lan onik egiten, aukerak izan ditzake Athleticek erasoan. Baina kontrako bidean ere antzekoa gertatzen da: Athleticek erraztasun asko ematen dizkie aurkariei. Irekia izango al da lehia? Joan-etorrikoa? Kolpea kolpeari ibiliko al dira? Edo, itxia izango da aurrez aurrekoa? Bielsaren eredua tartean dela, itxitik gutxi espero daiteke.
Mallorcako klimak epelduko al du Athletic… eta hala bada, bere talde ohiak utz lezake lanik gabe Joaquin Caparros.