Bolbora prest azken trakarako

Egilea:

Data: 2013/06/15

EIBAR-OVIEDO (gaur, 19:30, ETB)

Gaurko partidaren aurreko kontuez idatzi digu Joseba Urkiolak

Hamabost egun geratzen zaizkio Eibarri Untzaga plazan loria dastatu ahal izateko. Horretarako gaur ez dago huts egiterik. Armaginek gorputzaldi onarekin ekingo diote Oviedoren aurkako partidari. Carlos Tartiere zelaiko 1-2 ko emaitzak balio handia dauka, baina hirugarren eta azken kanporaketa jokatzeko ez da nahikoa. 90 minutuk baloiaren joko zoroan askorako eman dezake, eta hori ondo dakite dakite gaurko bi protagonistek.

Ipurua zelaiko azken aurrekariak aintzat hartuta, Eibarrek izerdi hotza isuri beharko duela esan behar. Orain bi denboraldi bi bider egin zuen huts etxean. Sabadellen eta Alcoyn erdietsitako emaitzak ez ziren makurrak, baina Ipuruan kanporaketak borobildu beharra zeuzkaten unean huts egin eta ezin xedea bete. Iaz ere berdintsu. Lugon emaitza ustez positiboa lortu zuten, baina hurrengo faserako txartela Quique Setienek zuzendutako taldeak lortu zuen.

12 hilabete baino gehiago igaro dira azken gertakari triste hartatik, eta armaginak euren zale sutsuak bezala, konfiantzaz enpo dira. Gaizka Garitanok ondo daki 180 minutuko partidak direla kanporaketa hauek, halere 20.000 lekukoren aurrean azken hatserarte kartsu lan egin eta garaipena lortzeak auspo positibo handia eman die eibartarrei. Lehen itzuliko talde ikusgarri eta eraginkor hartatik asko geratu ez arren, Eibar pauso bakoitza zentzuz neurtu eta aprobetxatzen duen taldea da. Gol gutxirekin asko lortu dute azkenaldion eta eurei sartzea ez da erraza. Garitanok esperientzia eta gaztetasunaren aldeko apostua egin du horretarako. Hasierako hamaikakoa nahikoa iragar erraza izaten zen baina lesioak, Errege Kopa eta bestelako egoerak tarteko taldeak astez-aste izen eta izan desberdina plazaratu du. Udaberria zoragarria burutu dute eta pazientziarekin ausaz eman diote negu zorogoarriari amaiera. Errege Kopan Malagaren aurka kolkoratutako trago garratza zail izan zaie ahaztea, azken sprintera bizirik eta boloboraz kargatuta iritsi dira dena den eta horrek du balioa une honetan.

Xabi Iruretarekin batera badirudi gaurko honetan arratseko 19:30etik aurrera Txema Añibarro, Raul Navas, Eneko Boveda eta Yuri Berchiche izango direla atzearen arduradun. Erdialdeari zentzua eskaintzeaz Jon Errasti eta Dani Garzia izango dira. Aurrera begira hegaletan; Ander Capa udaberriko zirrara eta Guille Roldan izan daitezke hautagaiak. Mikel Abaroa eta Mikel Arruabarrena haserako hamaikakoan present izanen direla ia ziur iragar daiteke. Dena den Garitanoren arbelak askotan eskaintzen dio azken uneko zirrarari bide eta galdera asko daude airean. David Mainzek hasieratik jokatuko ote? Bestelako jokalari batzuen alde egingo ote du apostu? Eneko Bovedak 2 txartel hori dauzkala kontuan hartuta, atseden ematen ausartuko ote da entrenatzailea? Galdera guztien erantzuna arratseko 19:30etatik aurrea ETB1n.

Graneroren Oviedo Mainzek iragan igandean eman zien belarrondoaren hatz markekin berdeguneratuko da. Talde asturiarra 2. mailara igo ahal izateko espreski eraikitako taldea da. Baina kanporaketa batean izen distiratsuak edukitzearekin ez da nahikoa eta iragan domekan estropozu egin zuten euren zale kritikoen aurrean. Diego Cervero 2.B mailako aurrelaririk eraginkorrena itzalean egon zen erabat. Casares, More eta enparauek berriz argizpi batzuk plazaratuagatik ezin armaginen konfiantzari aurre egin. Markagailuan aurretik jarrita ere, Granerok ez zuen jakin izan partida behar bezala interpretatzen eta Eibarrek ez zuen hutsik egin.

Interesgarri dator beraz gaurkoa. Azken une arteko intrigarekin, Eibarrek asteleheneko azken zozketan egotea du xede. Ipuruak beste arratsalde gogoangarri bat bizitzeko parada izango duela dirudi. Herrian futbola berriro ere hizpide da eta horrek asko balio du. Garitano iragan ostegunean zuhur azaldu zen prentsa aretoan, baina Oviedon hasitakoa prest dira euren gotorleku preziatuan borobiltzeko. Epaileak hiru txistu hotsak adierazi arte edozer gauza gerta daiteke. Diego Jimenez zartakoak beti egonen dira prest zoramena sorrarazteko. Aurretik kanporaketa bideratu badaiteke hainbat hobeto. Zilarrezko maila Eibar bere txokoan egoteko gogoz da, gaurkoa inportantea da zinez. Bi oilar mokokada eraginkorrena emateko prest. 2.B mailak distira egin dezakeenaren eredu argigarria.