Bizkarra eman dio amildegiari

Egilea:

Data: 2013/01/20

OSASUNA 2
DEPORTIVO 1

Hiru puntu oso garrantzitsu hauei esker, azken postua utzi dio Osasunak gaurko aurkariari, eta zuloan segitzen duen arren, arnasa hartu du.

  • Premia gorriko partida zen Osasunarentzat, eta jokalariei antzeman zaie partidaren hasieran. Urduri aritu dira, eta presaka. Lehenbailehen nahi zuten gola sartu, jokatzen hasi orduko nahi zuten irabazi, eta oso traketsak egin dituzte lehen minutu luzeak.
  • 25. minutuan lasaitu dira denak. Gola sartzea baita sendagai onena. Kike Solak sartu du, baloiari era zelebrean eman eta gero. Zutoina ere jo du, eta azkenean barrura joan da. Suspensea berarekin izaten baitu zuloan dagoen taldeak.
  • Golaren ondotik erabat aldatu da Osasuna. Lasaitu. Orduan hasi da berak dakiena egiten. Baloia lasaitasun handiagoz erabili dute, erabili behar zenean; luze jo behar zenean, luze jo dute; eta defentsako lanean, hain ondo lantzen duen presioa egiten hasi da, ahalik eta urrunen bere areatik. Deserosotasuna erosotasun bihurtuta aritu da.
  • Kike Solak, Cejudok eta Ninok egundoko lana egin dute presioan, eta Puñalek ere majo estutu ditu bere inguruko aurkariak. Baloia berehala berreskuratzen zuen taldeak. Beste kontu bat izan da gero zer egin duen. Aukerak sortzeko lan horretan, aldapa gora segitzen duelako taldeak.
  • Deportivo uzkurtuta aritu da partida erabat galduta ikusi duen arte, amaiera aldera arte. Hasieran, kontraerasoan, zuzen jokatzearen aukera erabili du: hegelatako erdilariek Osasunako hegaletako atzelariak lekutik atera, eta Riki joaten zen zulo horietara, baloi luzeen bila. Motzean aritu nahi izan duenean, ezina nabaritu zaio. Hiru punta-erdiko lerroan hiru portugaldar aritu dira (Bruno Gama, Andre eta Pizzi), kalitate tekniko handiena dutenak, baina azaldu ere ez dira egin. Osasunak, ohi bezala, zelaia txikitu dio aurkariari, eta oso metro gutxian abilezia erakustea zaila da. Itoarazi egin du Mendilibarren taldeak Deportivo.
  • Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Tenteago azaldu du Osasunak 60. minutuan, Ninok bigarren gola sartu duenean. Area ertzetik gertu, erdialdean, aldeko falta. Lolo azkar ibili da, Nino azkarrago, Deportivokoak lo zeuden bitartean; hesia eskatu gabe zuen Osasunak, baina Deportivokoek eskatuta izan balu bezala jokatu dute. Ninoren zartakoa sarera. Osasuna bikain jokaldi horretan: erasoan arazoak daudenean aukerak eta sortzeko, dena baliatu behar da, eta bai baliatu ere. Deportivo, aldiz, oso baldar; jaitsierako lehian ezin da oparirik egin, eta hor, handia egin dio aurkari zuzenari.
  • Bigarren aurrelaria atera du orduan Domingos Pacienciak, Deportivoren entrenatzaileak: Nelson Oliveira. Mendilibarren erantzuna ausarta izan da: Joseba Llorente atera du, Cejudoren ordez, erdiko punta-erdiaren lanak egitera.
  • Andres Fernandez ere nabarmendu egin behar. Buruz buruko jokaldi batean, ederki urrundu du Oliveirak jaurti dion baloia. Gero, beste jokaldi batean, gauza bera egin dio. Azken ordu laurdenean estutu du Deportivok. Lehengo uzkurtasuna utzi du bazterrean halako batean, eta erasora jo du. Baina Osasunak ez du asko sufritu. Nahiz eta azken-azkenera suspensea azaldu: Camuñasek sartu du galiziarren gola luzapenaren bigarren minutuan; beste bi geratzen ziren, eta aldeko falta era izan dute kanpokoek, arriskutsua. Asmatu ez, eta hiru puntuak Sadar zaharrean gorde dira.
  • Partida ona egin du Osasunak, hasierako 25 minutuetan izan ezik. Kike Solaren lana bikaina izan da: bizkarrez jokatu behar izan duenean, zoragarri egin ditu lanak, baloia gordez edota atzekoei aurpegiz emanez. Arnasa izaten da hori edozein talderentzat. Bizkarrez irabazi du Osasunak, atzeko lerroa ere bere atetik ahalik eta gehien urrunduz, bizkarra erakutsiz bere ateari, eta bizkarra eman dio amildegiari. Puntu batera du orain salbazioa.