Biribila
REALA 3
MALLORCA 0
Oso erraz irabazi du Realak, gaur ere 10 jokalari aurrean zituela, eta aspaldiko neurketa onena eginez.
- Perfekziorik ez da egongo, baina biribiltasuna bai. Reala biribila izan da Mallorcaren aurka, eta uzta oparoa jaso du, hazia erein duelako neurketan zehar. Montanierrek gero, “pazientzia” hitza erabili du bereen lehia definitzeko, eta hazietako bat izan da pazientziarena.
- Hiru zati izan dituelako neurketak: bi taldeak 11 jokalariz egon direnean, Realaren geroko nagusitasuna marrazten joan da; Mallorca 10ekin geratu eta lehen zatiaren amaiera arte, nagusitasuna indartu egin da, baina argitasuna falta: bigarren zati osoan, argia azaldu da, bilatu egin duelako taldeak. Hiru golak bigarren zatian izan dira: Chory, Vela eta Ifran golegile.
- Biribila izan da gaur taldearen jokoa 10 jokalariren aurka. Seigarren partida du jarraian egoera horretan, eta aurrekoetan ez bezala, halakoetan egin behar dena egin du: baloiari norabide anitza eman, paseak barruan sartuz, eta hortik hegaletara zabalduz. Barruko pasea azaldu da gaur, besteetan ez bezala. Hobekuntza da hori, haztea… Zubietan hezi egin dituztelako jokalariak astean zehar. Ez da izan kasualitatea.
- Mugikortasun eta askatasun handia dute aurrealdeko jokalariek. Gaur ere aurrelari finkorik gabe aritu da Reala, eta Velak nahierara jokatu du, hegalean, barruan… berdin Choryk, Griezmannek, Xabi Prietok. Askatasun horren inguruan, eztabaida sakona egin daiteke, ona den, ez den, horrekin bakarrik nahikoa den, zer ematen eta zer kentzen dion taldeari… Gaur, kendu ez dio ezer kendu, aurkariaren egoera (10ekin aritzea) alde izan duelako Realak.
- Aurkariaren egoera eta Illarramendiren lana. Txikia da neurriz, baina handi batek hainbeste leku betetzen du zelaian; zenbat baloi ez ote ditu moztu. Eta gero, gainera, zuzen jokatu. Ondoan edo inguruan Ruben Pardo izan du, eta biek nahierara mugitu dute taldea.
- Atzealdeko jokalariek ere merezi dute tartea. Mallorca kontraerasoan aritzera atera da, eta 10ekin geratu eta gero, beste aukerarik ez du izan. Ondo menderatu dute aurkaria Elustondok eta Iñigo Martinezek, hegaleko atzelarien laguntzarekin, behar izan dutenean. Eta Bravo ere ezin ahaztu. Partida 1-0 zela, korner batean, Nunesen burukadari aparteko neurrian erantzun dio.
- Puntuen dantzan, hiru hauekin hirura du Txapeldunen Ligako lekua. Europako Ligakoa, batera. Reala eta bere ingurua ez da zalea asmo handien hitzetan murgiltzekoa, baina anbizioa erakutsi beharrean dira behingoz. Gero, lortuko da edo ez da lortuko, baina oinak lurrean izatea eta anbizioa ez dira bateraezinak.