Biloba, semea eta iloba
TXAPELDUNEN LIGA (erreportajea)
Laudrup abizenak ez du etenik, eta Andreas ari da orain familiaren izena erakusten Txapeldunen Ligan, Nordsjaelland taldean. Michaelen semea da.
Laudrup. Gure garaikoei, bi izen datozkigu gogora: Michael eta Brian. Anaiak. Gu baino zaharragoei Finn ere buruan azaltzen zaie. Anaien aita. Gu baino gazteagoei, Andreas etorriko zaie ganbara gainera, akaso, bidea egiten segitzen badu. Eta Mads ere ez da ahaztu behar, Andreasen anai zaharra. Aitaren semeetako baten bi semeak.
Michael Laudrupen semeak dira Andreas eta Mads. Andreas bi urte gazteagoa da (1990). Danimarkan ari da, hango Ligan eta beste lehiaketetan, eta orain Txapeldunen Ligan ere bai. Nordsjaelland taldean jokatzen du 2009tik, zaleen arreta bereganatu duen jokalari multzo horretan, lehen aldiz ari baita Europako lehiaketa nagusian.
E multzoan ari dira, eta zorteko izan ziren zozketan, Juventus eta Chelsea handiak parean egokitu zitzaizkielako; Shakthar da bestea. Europako bi zelai ezagunenetan izango dute beren berri emateko aukera. Bihar, aurreneko aukera, Juventusen zelaian ariko baitira. Oraingoz, puntu bakarra daukate, italiarren aurka Danimarkan ateratakoa, eta gerta dakieke jardunaldi honetan bertan geratzea aurrera egiteko aukerarik gabe.
Kontuak kontu eta emaitzak emaitza, Andreas Laudrup Europako futbolaren begien parean azaldu da. Shaktharren aurka hamar bat minutu jokatu zituen; Chelsearen kontra bost minutuz aritu zen; eta Juventusi titular bezala egin zion aurre, 71 minutu jokatuz. Ez du golik sartu oraingoz lehiaketan.
Bere ezaugarriak hauek dira: oso garaia ez da (1.75), arina (67 kilo), ezkerra eta abilezia handikoa baloiarekin. Erraz alde egiten die aurkariei baloia oinetan duenean, eta Brian osabaren antza dauka horretan.
Kataluniarra da jaiotzez, Bartzelonakoa, eta futbolari bideari BK Sollerod-Vedbaeck taldean ekin zion, Danimarkan. 2003tik 2005era egon zen han. Ordutik 2007ra Lyngbyn ibili zen, eta gero Real Madrileko harrobian. 2008an, Lyngbyra itzuli zen, eta hurrengo denboraldian fitxatu zuen Nordsjaellandek. Han jarraitzen du. Selekzioarekin 21 urtez azpiko taldean jokatu du.
Aitona pozik izango du bilobak. Aita ere bai semeak. Eta osaba ere bai ilobak. Laudruptarren izenak futbol zelaietan segitzen du (Mads anaiaz gain, Brian osabaren seme Nicolai ere futbolari profesionala da). Michael eta Brian Laudrupen oinordekoak dira orain Andreas eta Mads anaiak, eta Nicolai lehengusua. Finn aitonaren gozamenerako.
