Bigarren finalerdia, gaur: Alemania-Italia
EUROKOPA 2012
Varsovian jokatuko dute (20:45, Tele 5).

- Historiaren kutsua belarretan. Lehia mitikoa. Bi selekzio handi, handienetakoak. Partida ikusteko gogo itzela. Historiari eutsita segituz, datu beldurgarria Alemaniarentzat: Italiari ez dio inoiz irabazi partida ofizialetan. Datuak datu dira, hala ere. Datuak ez du gaur jokatuko.
- Hamaika gako eta zutabe dauzka gaur gauekoak. Aberatsa taktikaren alorretik. Italia gai da Alemaniaren jokatzeko eredua geratzeko, goian presioa eginez, Neuer atezainari luze jotzera behartuz, edo lerroak atzeratuz. Arazo handienak kontraerasoari oztopoa jartzen izan ditzake.
- Goian presioa egiteko, bistan da baloia eraman behar dela gora. Motzean jokatuz edo luze joz. Alemaniak utziko al dio Italiari motzean jokatzen? Agian bai, gero kontraerasoa baliatzeko. Edo agian ez, presioa gorago eginez. Alemaniarren ezaugarri ahulena hau dela kontan hartu beharko da: defentsako lanerako jokalari bigun gehiegi dauzka.

- Italiaren ahulezia Ingalaterraren aurka: zenbait unetan, kosta egin zitzaion lerroak atzeratzea, oso makal egin zuen erasoa-defentsa trantsizioa. Gaur, egin beharko du biziago, Alemaniak txikitu egingo du, bestela, kontraerasoan.
- Jakin-mina eta handietakoa, Italiaren estrategia ikusteko. Prandelli entrenatzailearen ganbara oparoa da, eta partida batetik bestera eta partidan bertan marrazkia aldatzeko gaitasuna dauka.
- Alemania zitalagoa izan da golak sartzen orain arte. Italiari gehiago ari zaio kostatzen. Orain arteko bideari eutsiko dioten ikusi egin beharko da, baina ez da kasualitatea alemaniarrak hobeto aritzea horretan.
- Alemaniaren eredua bat eta bakarra da. Italia, aldiz, kameleoien antzekoa da, edozertara moldatzen da. Aberastasun hori baliagarria izan dakioke gaur, taktikaren alderditik hain aberatsa izango den neurketan.