Bielsa eta Caparros; Caparros eta Bielsa

Egilea:

Data: 2012/12/15

Ezberdintasun handia dago bien filosofien artean, lan egiteko era ezberdinak dituzte.

Lehen begiratuan, denok ondorioztatuko genuke Caparros eta Bielsa oso ezberdinak direla:  bata eguna, bestea gaua, urlia lehena, berendia bigarrena, edo alderantziz. Amankomunean izatekotan, bi entrenatzaileak batzen dituen gauza bakarra bata zein bestea Athleticeko aulkitik igaro direla izan liteke.

Bielsaren taldeen jokoa erasokorra da, baloiaren jaun eta jabe izan nahi du, etengabe aurrera joz, abordaia etengabean, atsedenik gabe, aurkariaren mailari edo izenari erreparatu gabe, eta Caparrosek, bitartean, nahiago du, lehenik eta behin, defentsako lan sendoa egin, habia zaindu eta albokoari arrautzak lapurtzen saiatu, aurkariak akatsen bat egiten duenerako prestatuz. Argentinarraren prentsaurrekoak mamitsuak dira, badute, nolabait esatearren, kutsu filosofiko bat, futbolaz harago doana, eta giza izatearen inguruko hausnarketekin zipriztintzen ditu bere hitzak askotan. Utrerakoak ere utzi izan du bere pentsamoldea argiro erakusten duen esaldiaren bat edo beste, hala nola, behin, Sadarren, taldearen irudia auzitan jarri zion kazetaria bati “ utikan irudia, sailkapena, txo, sailkapena” erantzun zionean bezala, baina orokorrean, bere prentsaurrekoak ez dira gogoangarriak izaten.

Hala ere, lupa zertxobait hubilduz gero, eta bien inguruan izan ditzazkegun aurreiritziak albo batera utzita, euren taldeen joko moldeei erreparatuz gero aurkituko ditugu bi antzekotasun nabarmen: lehena, jokalariei eskatzen dieten maila fisiko altua, lan ezberdina egiteko, hori bai; baina jokalari oldarkorrak dituzte gustuko, zelai barruan husten diren horietakoak, joan etorri handikoak, Toquero (Caparros) eta De Marcos (Bielsa) horren adibide. Bestetik biek maite dute abiadura, bizitasuna, erasoko jokoan, ñabardura garrantzitsuekin: batek zalditeria nahiago duen tokian, Bielsaren taldeak baloia etengabe ukituz heltzen baitira beste areara, besteak abiazioa probesten du, joko zuzena, eta normalean bi aurrelarirekin jokatzen du, bata garaia, erreferentzia, buruz ondo doana eta misil guztiak borrokatuko dituena, eta bestea sarraskijalea, zerutik erortzen den guztia baliatzeko ardura duena.

Bukatzeko, badago ahaztuta neukan azken antzekotasun bat ere: larri heltzen dira Mallorca eta Athletic gaurko partidara. Askok esaten dute entrenatzaileen kargua dagoela jokoan San Moixen. Urrutiaren orain arteko jokabidea ikusita, ez dut uste Athleticen kasuan hala denik. Caparrosek galtzen badu, ordea, besoa jokatuko nuke lepoa moztuko diotela.