Bielorrusiako balentriak

Egilea:

Data: 2014/09/29

TXAPELDUNEN LIGA

Bate Borisov, Athleticen aurkaria, xehetu digu Naxari Altunak, bere historia kontatuz eta gaur egun nola jokatzen duen azalduz.

Dinamoa piztuta, urruneko argi baten izpiak balira bezala ikusten genituen talde haiek. Negua gogorra zen. Estadio zaharrak, egurrezko aulki luzeak, markagailu handi bat eta jendetza harmailetan. Talde biziak ziren, oso dinamikoak. Entrenatzaileak mito hilezkor bilakatzeko ohitura zuten, eskola kutsua emanez haien sorkuntzari. Talde haiek argi berezia zuten: Dinamo Tbilisik, Dinamo Kievek… eta Dinamo Minskek ere bai. Errusiar gutxi izaten zen garai haietan Sobietar Batasuneko selekzioan. Agerikoena Rinat Dassaev atezaina zen, luzea, karisma handikoa. Baina ondoren, ukraniarrek eta georgiarrek osatzen zuten nagusiki Lobanovsky ukraniarraren hamaikakoa. Bielorrusiako jokalariren bat ere agertzen zen tartean.

Aurrelari handiak ikusi genituen. Shengelia eta Daraselia georgiarrak bizkorrak eta finak ziren. Gatza eta piperra. Zavarov, Belanov eta Blokhine ukrainarrak, dotoreak. Bielorrusiako ordezkarien artean zelai erdikoak nabarmentzen ziren. Aleinikov, bereziki. Motorra indartsua zuen bibotedunak; Dinamo Minsken jokoan zubi lanak egiten zituen, Kondratiev egungo hautatzailea jomugan. Duela mende laurdeneko kontuak dira horiek, SESBeko liga indarrean zenekoa, eta Bielorrusiak talde indartsua zuen txapelketa hartan. Euskal Herrian ikusi ahal izan genuen 1987/88ko Errekopan, Kopa txapeldunek jokatzen zuten Europako txapelketa berezi hartan.

Serguei Aleinikov

Europa ekialdeko taldeek garai bateko xarma eta misterio kutsua galdu dute. Garai berrietara egokitu da hango futbola eta kanpoko merkatuari bortizki heldu diote, batez ere bi eskualde nagusiek: Errusiak eta Ukrainak. Oligarken eragina nabarmena da. Baina Bielorrusian, adibidez, ez da hori gertatu. Ez, behintzat, maila horretan. Herrialdeko gune nagusia Minsk hiriburua izanik, futbol kontuetan Borisov, gertu duen hiria, nabarmendu da azken urteetan. 1996an behe mailako txapelketetan ari zen, hiriko enpresa ospetsu batek hartu zuen arte: BATE, autoentzako tresna elektrikoen hornitzaileak. Enpresaren jabeetako bat da klubeko presidentea, Anatoli Kapski. Bere eskutik hazi da jatorriz apala zen kluba, Dinamo Minsk boteretsuaren itzalean betiere, Bielorrusiako beste talde guztiak bezala. Baina, bidean aurrea hartu dio Borisoveko klubak betiko nagusiari. BATE Borisovek hamar liga txapelketa irabazi ditu jabe berriak iritsi zirenetik, azken zortziak jarraian.

Viktor Goncharenko etorkizun handiko atzelaria zen BATE Borisoven, baina 25 urterekin jokatzeari utzi behar izan zion lesio larri baten ondorioz. Kluba bide oparoa egiten hasia zen; bere bizipenik ederrenak, ordea, aulkian izango zituen. Berehala hasi zen gazteak entrenatzen, haztegian trebatu zen tekniko gisa, eta ondoren talde nagusiko entrenatzailearen laguntzaile bilakatu zen. Bederatzi urteko ibilbidean arrasto sakona utzi zuen Borisoven. Goncharenkok eman zion behin betiko bultzada klubari, lan egitasmo jakin bati helduta. Fitxaketa handiak ez ziren lehentasun nagusia, salbuespenak-salbuespen; azpiegitura sendotzea izan da orain arteko xede nagusia. Eta horretan aurrea hartu diote Dinamo Minsk eta herrialdeko gainerako taldeei.

2007tik 2013ra arte BATE Borisoveko entrenatzailea izan zen Viktor Goncharenko. 2008an Bielorrusiako futbolaren inoizko balentriarik handina erdietsi zuen: herrialde hartako klub bat aurrenekoz sailkatu zuen Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatzeko. 4 milioi euroko aurrekontuarekin. Meritua itzela da, Bielorrusiako txapeldunak, Errusiakoak edo Ukrainakoak ez bezala, hiru aurre-kanporaketa jokatu behar baititu horretarako. Islandiako Valur, Anderlecht eta Levski Sofia taldeak bide bazterrean utzi zituen, multzoen fasean Real Madril, Juventus eta Zenitekin indarrak neurtu aurretik. Santiago Bernabeun egin zuen debuta BATE Borisovek, eta jokalari bakarra kenduta, beste guztiak Bielorrusiakoak ziren. Egun, berdegunean dituen zutabeetako batzuk garai hartan ere bazeuden.

Victor Gontxarenko

Viktor Goncharenkok 31 urterekin eraman zuen taldea Europako lehiaketa nagusira. Txapelketan inoiz izan den entrenatzailerik gazteena bilakatu zen. Bielorrusiako taldeak ez zuen aurrera egin, baina klubak berak bai. Entrenatzailea ekarpen berriak egiteko irrikitan zegoen, eta uda batean Vila-Realera joan zen hango metodoak aztertzera. Castelloko taldearen lan egiteko erak eta antolakuntzak bere jakinmina piztu zuen eta egonaldia hirutan errepikatu zuen. Han, Jose Pastor prestatzaile fisikoa begiz jo eta berekin eraman zuen 2010ean. Entrenamenduaren metodologian berrikuntzak egiten hasi ziren, baloia ardatz hartuta. Ekarpen berri bat hazkundean. Aurrerago, mediku espezialista bat ere eraman zuen, egitura indartuz. Hango metodoak zaharkituak geratu ziren, eta Europan jarraikortasunez lehiatu ahal izateko bultzada bat behar zuten.

2011an bigarren aldiz sailkatu ziren Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatzeko. Ipar Irlandako Linfield, Lituaniako Ekranas eta Austriako Sturm Graz garaitu zituzten. Multzoen fasean Bartzelona, Milan eta Viktoria Plzen izan ziren aurkariak. Orduko hartan, eskarmentu bila jo zuten, aurrelari ospetsu bat fitxatuta. Gainbeheran zetorren Mateja Kezman eraman zuten Europan jokatzeko, baina fitxaketa ez zen ona suertatu. BATE Borisovek bi puntu eskuratu zituen, Viktoria Plzen eta Milanen aurrean.

Hurrengo denboraldian ere Europako txapelketa nagusian izan ziren. Aurre-kanporaketetan, Macedoniako Vardar, Hungariako Debrecen eta Israelgo Hapoel Kiryat Shmona taldeak gainditu zituen BATE Borisovek. Oraingo honetan, etxeko jokalari ospetsu baten alde egin zuten, Europako talde distiratsuetan zaildutako Aleksandr Hleb fitxatuta. Multzo gogorra egokitu zitzaien bieloerrusiarrei, beste behin: Bayern Munich, Lille eta Valentzia, hurrenez-hurren. Baina, behingoz, BATE ez zen hain aurkari samurra izango. Inolaz ere.

Lillen lortu zuen Bate Borisovek historiako lehen garaipena Txapeldunen Ligan.

2012ko irailaren 19an Europako txapelketa nagusian lehen garaipena lortu zuten hori-urdinek. Lillen gertatu zen, Frantzia iparraldean. Rudi Garciaren taldea ustekabean harrapatu zuen BATE Borisov bizi eta eragingarriak. Aleksandr Volodko, Vitali Rodionov eta Edgar Olekhnovich izan ziren golegileak. Hiru horiek taldean jarraitzen dute.

Are ezusteko handiagoa izan zen urriaren 2koa. Bayern Munich hartu zuten etxean Goncharenkoren mutilek. Jupp Heynckesen taldea 3-1 azpiratu zuten, bigarren garaipena jarraian lortuta. Europa guztia Errusia zurira begira jarri zen, baina ez zuten aparteko formularik aurkitu. Taldean ez zen goi-mailako izarrik. Hainbat izen aurreko denboraldietako hamaikakoetan ere azaltzen ziren. Lehiaketa indartsu hasi arren, Valentziak zapuztu zuen BATE Borisoven ametsa. Roberto Soldadok, bereziki, Bielorrusian hiru gol eginda. Azkenean, hirugarren tokian amaitu zuten Viktor Goncharenkoren mutilek, eta Europa Ligan jarraitu euren bidea.

Urte horietan taldeko jokalari ohi bat bere alboan izan zuen entrenatzaileak. Etorkizuna prestatzen ari ziren. Aleksandr Yermakovich bere nagusiak aurretik jasotako lekukoa hartzeko prestatu zen, eta une hori duela urtebete iritsi zen. Viktor Goncharenkok BATE Borisoven arorik loriatsuena biribildu zuen beste liga bat irabazita, Kuban Krasnodar talde errusiarrera joan aurretik. Han ari da, egun, Jose Pastor, Vila-Real taldetik eramandako prestatzaile fisikoaren laguntzarekin. Borisoven utzitako ondarea bikaina da: ibilbide bat Europan, egitura sendoa, haztegi emankorra eta espiritu garailea.

Aleksandr Yermakovich.

Aleksandr Yermakovichek 16 denboraldi daramatza klubean: jokalari eta entrenatzaile. Talde handia du Bielorrusian, baina apala da Europan, arestian aipatutako ibilbide oparoa egin arren. Aurten ere hiru aurre-kanporaketa gainditu behar izan ditu multzoen fasean lekua izateko. Eta asko sufritu du horretarako. Aurreneko kanporaketan Albaniako Skenderbeu etxetik kanpo lortutako golen balio bikoitzari esker kaleratu zuen. Bigarren lehia are estuagoa izan zen: Debrecen talde hungariarra itzulerako neurketaren luzapeneko minutuetan hartu zuen mendean. Hirugarren erronka Slovan Bratislava gainditzea zen, klasiko bat. Bigarren partidako azken minutuetan lortu zuen txartela BATE Borisovek.

Sailkatze ibilbide malkartsu honetan, Sergey Krivets erabakigarria izan da. Debrecen buruz behera bota zuen, denbora agotzear zela, eta Eslovaquiako txapeldunaren aurka ere berak egin zuen aldea. Hark mugitzen zuen taldea. Zelai erdia eta erasoa lotzen zituen zubia zen, baina talde apalei gertatzen zaien moduan, jokalari bat erakusleihoan nabarmentzen denean eraman egiten dute. Helburua beteta, Frantziako Metz taldera joan berri da Krivets talentuduna.

Sormena galdu du BATE Borisovek, baina taldearen espiritua bizirik da. Oraingo honetan ez dute jokalari ospetsurik fitxatu Europan lehiatzeko. Portoren aurrean jipoi gogorra jaso zuten lehen jardunaldian. Ez zuten halakorik espero. Sergey Chernik atezain gorabeheratsua okertu egin zen partidaren hastapenean portugaldarrei atea zabalduta, eta bere taldeak danbatekoa hartu zuen, Brahimiren gau zoragarrian. 6-0 galdu zuen BATE Borisovek estreinakoan. Baina, zein da talde honen benetako maila?

Bielorrusian soilik Minskeko bizilagunak estutzen du. Dinamorekin lehian da liga irabazteko eta partida lehiakor gutxi izaten ditu bere txapelketan. Horren ondorioz, arreta eta tentsioa galtzeko joera erakusten du batzuetan, joan zen ostiralean Naftanen aurka gertatu bezala. Europan lehiatzeko beste jarrera bat erakutsi behar dute; baina ez da batere erraza, halako batean, jokoan nagusi izatetik defentsa lanari lotu behar izatea, aurkarien maila aintzat hartuta. Orduan kontraerasoa abian jartzen dute. Horretan bizkorrak dira.

Vitali Rodionov aurrelaria areaz kanpo ondo moldatzen da. Halabeharrez, gainera, Krivetsek alde egin eta gero. Aurrealdeko jokalaririk osoena da. Mikhail Gordeychuk biziaren laguntza izaten du. Aurrelari bihurriak dira bi horiek. Nikolai Signevich, bestelakoa da, luzea, harekin zuzen jokatzeko tentagarria. Ezker hegala Filip Mladenovic serbiarrak zorrozten du. Taldeko atzerritar bakanetakoa. Erdiko atzelariek jokoa horrera zabaltzen dute maiz, Mladenovicen teknikari etekina ateratzeko. Erdiraketa finak egiten ditu. Beste hegalean jokalari oldarkorragoa ari da: Anri Khagush. Arima eta gorputz jokatzen du errusiarrak. Teknikoki mugatuagoa, baina oso sutsua da. Gattusoren itxura dauka fisikoki.

Vitali Rodionov.

Zelai erdiko erreferentzia Dzmitry Likhtarovich kapitaina izaten da. Entrenatzailearen konfiantzazko jokalaria. Laguna du gainera, elkarrekin jokatu baitzuten. Motel samarra da, baina patxada eta eskarmentu handia ematen dio taldeari. Alboan duen jokalariak bere gabeziak leuntzen ditu. Aleksandr Volodko, erdilari nekaezina: bere gaitasun fisikoak area ertzeraino iristeko aukera ematen dio. Lerroak ondo uztartzen ez badituzte euskarrien bizkarra erraz harrapatzeko aukera izaten dute aurkariek. Zelai erditik gora begira, Ilia Aleksievich oso jokalari dinamikoa da, barrutik jokatzen.

Atzealdean, Egor Filipenko erdiko atzelariak agintzen du. Ez da lerro bortitza eta ikusi behar etxeko partidan konfiantza maila noraino heltzen den. Alegia, atzealdeko lerroa non kokatzen duten taldearen asmoak neurtzeko.

Borisov klasikoa bihurtu da Europan. Urtetik urtera urratsak egiten ari da. Bide horretan, Minseko estadioa alde batera utzi dute eta Borisov Arena berria erakutsiko diote munduari. Futbol zelai polita, 12.000 lagunentzako lekua duena. Apala, kluba bezalakoa. Baina isilean, besteen itzalean, Europa ekialdeko egitasmorik egonkorrenetakoa bilakatu da BATE Borisov. Balentria itzela!