Bidegurutzea: gora edo behera

Egilea:

Data: 2013/01/21

BETIS-ATHLETIC (gaur, 21:30)

Jaitsiera hiru puntura duela ekingo dio partidari Athleticek.

Bigarren itzuliaren hasiera. Ligaren erdia jokatuta dago, dagoeneko. Eta Athletic jaitsieratik hiru puntura da. Egoera arriskutsua da.

Betisen zelaian gaur jokatuko duen partida bidegurutzea da: emaitza ona bada, gorako bidea hartuko du. Txarra bada, aldiz, beherakoa. Eta ez du gaurkoa bide samurra izango: Betis baita ligako talde onenetakoa, nahiz eta zaleen aurrean hain indartsua ez izan. Erasoan zitala da, eta hori da, hain zuzen, Athletici min gehien egin diezaiokena, erruz jasotzen baititu golak.

Bielsak indartu egingo du zelai-erdia, Gurpegik eta Iturraspek batera jokatuko dutelako. Hautu berria da argentinarraren kasuan, beste era bateko jokalarien uztartzea egiten duelako zelaiko gune horretan: nolabait esateko, ‘artistak’ elkartu izan ditu, euskarri indartsugo baten alboan. Gaur ez, eta eta ikusi egin beharko da taldeari indarra ematen dion. Eman beharko  lioke, baina galdu ere galduko du, erasorako baliabideak gutxitzea delako.

Bi taldeen jokatzeko era ikusita, ez harritu lehia irekia izatea. Hala bada, gehien asmatzen duena txapeldun. Aduriz osatu da, eta eskerrak.