Bi txapeldun zergatik ez?
BORUSSIA DORTMUND 1
BAYERN MUNICH 2
Bosgarren aldiz irabazi du Bayernen Europako txapelketa nagusia, azken unean Robbenek sartutako golarekin.
- Ederra finala Alemaniako bi talde hauena. Borussia Dortmundek eman dio edertasuna finalari, askoren ustez Bayernek aise menderatu behar zuelako. Baina ez. Parez pare jarri zaio faboritoari, une batzuetan (partidaren hasiera luzean) gehiago izan da, eta gutxi behar izan du ezustea emateko. Borussiaren gaurko lanak are gehiago indartzen du Bayernen titulua. Balioa ematen dio, lehendik ere oso handia badu ere.
- Borussiak bikain ekin dio lehiari. Bayern erabat noraezean utzi du (batzuen ustez, bere momentuaren zain). Presio altua egin dio, Reus eta Lewandowski Bayerneko erdiko bi atzelarien baloi irteera ostopatuz, hegaletan ere asko estutuz, eta zelai-erdian ere goian bihurrituz. Azkar hartzen zuen baloia, eta gero, zitala izan da Reus-Lewandowski lotura. Ez dago hobeto egiterik… tira bai: bikaintasuna izateko, gola falta izan zaio Jurgen Kloop entrenatzaile bikainaren taldeari. Jaurti, jaurti du, baina Neuer atezaina arduratu da Bayernen handitasunari tente eusteaz.
- Bayern lo zegoen, denen harridurarako. Ezina. Hori bai, gutxirekin asko egiten duen talde handi horietako bat da, eta ezer gutxi eginda, lan handitan jarri du Waidenfeller atezaina. Honek ez du Neuer baino gutxiago nahi izan, eta lan aparta egin du. Bi atezainengatik ez balitz, atsedenaldira bina golekin joatea ez zen harritzekoa izango.
- Lehen zati horretatn, ondorio hauek izan dira ateratzeko modukoak: Borussiak presio altua behar zuen eroso sentitzeko; Bayernek gutxirekin asko egin zezakeela erakutsi du; eta azkenik, geldikako jokaldietan Bayernek egin dion txikizioa Borussiari.
- Bigarren zatian, Bayern nagusitzen hasi da. Erasoan beste baliabide batzuk erabiltzen hasi da. Pazientzia gehixeago izan du, esaterako, eta ikusten zen gertu zuela gola. 60. minutuan sartu du Mandzukicek. Robbenek atzetik ederki hautsi du lehendabizi aurkarien defentsa lerroa… gero erabakigarria izan den mugimendua aurreratuz.
- Zazpi minutu iraun dio pozak Bayerni. Dante erdiko atzelari brasildarrak penalti garbia egin dio Reusi, eta argia bezain inozoa. Gola Gundoganek. 1-1.
- Berehala izan du Bayernek bigarrena sartzeko aukera, baina Robbeni ateko zuloan kendu dio baloia Suboticek. Hautsi bezala egin da partida une batzuetan, baina gero, nekea pilatzearen eraginez edo, baretu egin da gauza.
- Robben azaldu den arte, luzapenaren ustea ustel bihurtzeko. 89. minutua: falta zelai erdian. Luze jo du Bayernek. Ribery sartu da ezker hegaletik erdira baloi horren bila; berarekin eskuin hegaleko atzelaria eraman du. Han geratu da baloia, ez hara, ez hona… eta Robben azaldu da atzetik, lerroa edo dena delakoa puskatuz (lehen goleko jokaldiko kontzeptu bera). Ez dio ondo jo baloiari, baina nahikoa sarera joateko. Lehen zatian huts egin dituenak barkatzeko hainbeste. Gola, txapelketa irabazteko gola, eta txapeldun Bayern. Azken lau urteetan bi final galdu eta gero, hirugarrenean lortu du lehiaketa preziatua.
- Eta Jupp Heynckes ere aipatu egin behar. Entrenatzaileen zeruan sartu da, bi talderekin Europako Kopa irabazi duen laugarrena bihurtu da gaur. Besteak hauek: Ernst Happel, Ottmar Hitzfield eta Jose Mourinho.
- Eta azkena: hori da hori kiroltasuna partidan zehar, eta ondorenean. Eredu da Alemaniako futbola. Bada zer ikasi!