Bi puntu galdu eta nortasuna berreskuratu

Egilea:

Data: 2013/01/22

BETIS 1
ATHLETIC 1

Bigarren zatian gehiago izan arren, Athleticek puntu bakarra eskuratu du. 

  • Ezin okerrago ekin dio Athleticek partidari Betisen zelaian: aurreneko minutua betetzerako, galtzen. Penalti argia egin dio Iraizozek Salva Sevillari, eta Ruben Castrok bikain jo du baloia gola sartzeko. Ondorioak bi: hazita zegoen Betis gehiago hazi da, eta zalantzati zebilen Athletic larritu egin da, urduri jarri. Ez ditu minutu gozoak izan talde zuri-gorriak aurrenekoak.
  • Betis erraz iristen zen Athleticen area inguruetara, aise gainditzen zuen zelai-erdia, eta baloia galdu orduko, presio itogarria egin dio Athletici. Banakako huts batzuk ere egin dituzte hainbat jokalari zuri-gorrik, eta ematen zuen etxekoek laster sartuko zutela bigarren gola.
  • Erritmoa handia zen. Bizia. Gora eta behera. Irekia neurketa, baina Betis gehixeago ari zen asmatzen. Errazago egiten gauzak. Baina gol bakarreko aldea zuen. Gero, Athletic hasi da pixka bat hobeto moldatzen, eta Betisen baliabidea kontraerasoa bilakatu da. Horrela egon dira biak lehen zatiaren azken minutuak heldu bitartean. Athletic hasi da nagusitzen orduan, ez nabarmen, baina bai hobeto moldatzen.
  • Adurizek sartu du berdinketaren gola lehen zatia amaitzear zela. Berdinduta joan dira atsedenaldira. Baina bigarrenean, jokoan ez da berdintasunik egon. Athleticek askoz hobeto jokatu du. Betis hautsi egin da, lehenaz gain gehiago, eta hori pagotxa da Bielsaren taldearentzat. Erraz eta erruz gainditu du Betisen oztopoa, baina atearen aurrean ezin asmatu. Ezta azkeneko pasea ematen ere. Aukera txarrak egin dituzte hainbat jokalarik: bakarrik zen taldekideari baloia eman beharrean, atera jaurti, eta antzekoak. Jokaldia amaitu gabe geratzen zenean, Betis hasten zen erasoan, bizi, eta gorabeheran ibili dira bi taldeak lehia amaitu arte.
  • Ligako partida bainoago, Kopako kanporaketa ematen zuen. Bi taldeak bigarren golaren bila zoro-zoro. Aukera hobeak izan ditu Athleticek, baina Adrian atezainak denak geratu edo urrundu ditu. Hurrengo batean sartuko direlakoan…
  • Bigarren zati horretan, beste zerbait gehiagorekin joan dira Athleticekoak presiora, benetan estutu dute Betis leku guztietan. Joan-etorriek, erritmo biziak eta presioak hain urrun ez dagoen Athletic hura gogorarazi dute. Nortasuna berreskuratu du taldeak, baina bi puntu galdu. Aurkari guztiek Betis bezain alai jokatuko balute…