Bi lan: gelditu eta gainditu

Egilea:

Data: 2012/12/14

GETAFE-OSASUNA (larunbata, 16:00)

Talde gogorra eta sendoa menderatu beharko du Osasunak zuloan sartzeko arriskua urruntzeko.

Entrenatzaile eskoletan, taktikako ikasgaian, aurreneko klasean, definizioa ematen dute; gutxi asko, aurkaria gelditzeko eta gainditzeko tresna dela esaten dute irakasleek, liburuei jarraiki.

Partida guztietan behar du izan du edozein talderen helburua aurkaria gelditzea eta gainditzea. Hari horri tiraka josi daiteke bihar Osasunak Getafen duen partidaren trajea (16:00). Tinta lodiz azpimarratu behar dituzte Mendilibarren jokalariek bi aditzak: gelditu eta gainditu.

Getafe gelditu egin behar dute lehendabizi. Jokalari abilak dauzka teknikoki, eta taktika aldetik ere jantziak dira erasoan. Presioa goian egin; atezainari luze jotzera behartu; taldearen lerroak asko aurreratu eta abar. Horiek edota beste baliabide batzuekin, oinarriak beste honek behar du izan: oldarkor aritzea. Kikildu gabe. Sendo.

Gelditzeaz, hitz gutxitan idatzitza, horixe.

Eta gainditzeaz?

Getafe menderatzea ez da erraza, defentsako lana ere ona egiten duelako. Futbolaren baliabide asko ondo erabiltzeaz gain, ikusten ez den futbol hori ere badakite menderatzen. Eta hain zuzen, aurkariak jokoz gainditzea da Osasunaren gabezietako bat, asko kostatzen baitzaio. Mendilibarren hitzak, gaurkoak, horren lekukotasun zintzoak: “Golik ez sartzea ez da gure arazoa; gure arazoa da ez garela gora iristen”. Joko zuzena, ez zuzena, nahasia edo dena delakoa erabili, ondo egin beharko ditu gauzak taldeak… eta batez ere, oparirik egin ez, arriskuak tamainan hartuz.

Orain artekoa irakurrita, bistan da nolakoa aurreikusten dugun hemendik biharkoa Osasunarentzat: zaila izango da.

Gelditu eta gainditu; geldtiu eta gainditu, gelditu eta gainditu…