Bi handi

Egilea:

Data: 2013/01/19

REALA 3
BARTZELONA  2

Sekulako garaipena lortu du Realak, azken minutuan eta 0-2koari buelta emanez.

  • Balentria egin du Realak. Handia. Bartzelona ahaltsua menderatu Anoetan; lehen partida galarazi dio sasoi honetako Ligan. Emaitza erabat irauli du, 0-2 galtzen joan delako. Eta gozoari azukre gehiago botatzeko, azken minutuan sartu du garaipenaren gola. Ipuina dirudi, baina egia da. Oraintxe gertatu da Donostian.
  • Bi zati zeharo ezberdinak izan ditu partidak. Lehenengoan, Bartzelona nagusi izan da. Reala txiki, oso txiki. Hala ere, jokoan izan den aldea ez da emaitzan azaldu, 1-2 joan direlako atsedenaldira. Huts handiak egin ditu Realak lehen zatian: banakakoak (Bravok aurreneko golean, baloia aurkariari botaz) eta taldekakoak (azkeneko lerroak oso baldar erabili du jokoz kanpokoa behartzeko aukera, jokalari batzuk aurrera, besteak atzera; adibidea, Bartzelonaren bigarren gola).
  • Erasoan, baloi luzeetan egin dio min pixka bat Realak Bartzelonari lehen zatian. Bestela, baloia zelaiaren gainean erabiliz, nahi eta ezin da aritu dira jokalariak. Beldurtuta bezala, gainera, kontrolak atzeruntz eginez, aurrera joateko aukera izan dutenean, adibidez. Ez du erraza izan behar Bartzelonaren aurka jokatzeak: sekulako presioa egiten du baloia berreskuratzeko, eta normala ere bada atzeruntz jokatzeko joera izatea bere aurkariek. Defentsako lanean ere badu eragina: ematen du tentazioa presioa goian egiteko berari, baina hain dira onak, oso arriskutsua da hainbesteko espazioa uztea atzelarien eta norbere atearen artean.
  • Defentsako baliabideetan, tarteka estutu du Realak, egoera jakin batzuetan. Bestela, lerroak atzeratzearen aldeko apustua egin du. Oso apustu garrantzitsua eta erabakigarria, gerora ikusi denez. Defentsako lanaren beste heldulekua izan da Valdesi ez uztea motzean ateratzen.
  • Presio tartetakoa, lerroak atzeratzea edo beste zerbait, Bartzelonak nahierara erabili du Reala lehen zatian. Baina aukerak gauzatzen ez du asmatu, zutoina lagun izan duelako etxeko taldeak bi aldiz. Orain alferrik da balitz eta balu jardutea, baina inor ez zen harrituko atsedenaldira beste emaitza batekin joan izan balira: 0-4 edo 1-4, adibidez.
  • Bigarren zatiari bizirik ekin dio, ordea, Realak. Emaitzak lotu dio partidari. Eta lehen zatian baino oldarkorragoa izan da defentsako lanean. Presioa indar gehiagorekin egin du. Baloia gehiagotan kendu dio Bartzelonari, eta ez zen inondik ere azaltzen lehen zatiko Bartzelonaren nagusitasuna. Deseroso zegoen Kataluniako talde handia. Are baldarrago ibili da Pique kalera bota eta gero epaileak (bi txartel hori). Berehala sartu du Chory Castrok arratseko bere bigarren gola.
  • Baina orduan, Reala, nahigabe bezala, atzean sartu da. Lehen zatiaren itxuraren antzekoa hartzen hasi da neurketa. Bartzelona baloiaren jabe. Eta hori gertatzen denean, arrisku bizia izaten du aurkariak. Baloia izan bai, baina aukerak ez ditu sortu, eta Reala kontraerasoaren zain egon da. Ezin ordea, etekinik atera. Ematen zuen berdinketan amaituko zela (joan zen sasoian bezala), baina Agirretxek sartu du hirugarrena azken minutuan, Carlos Martinezen erdiraketa, ezkerrarekin egina, kontuan hartzekoa.
  • Bukatzeko, lehen aipatutakoari helduz, lerroak atzeratzearen baliabideaz bi hitz: joan zen denboraldian eta gaur, Bartzelonak Anoetan lo hartu du. Bietan jarri da 0-2 aurretik, eta Reala ez da joan itsu partida iraultzera. Baloia izan du Bartzelonak, baina goserik ez lehia erabakitzeko. Lerroak atzeratzearena baliabide egokia izan da Realarentzat bi partida hauetan. Bihotza beharrean burua erabiltzea da hori. Erabaki zuzena. Bartzelonak lo hartu duela esango baita orain; hala izan da, baina Realak ere behartu du lotara.