Bi gol, siesta eta hiru puntu
ZARAGOZA 1
REALA 2
Aise menderatu zuen Realak Zaragoza, eta zazpigarren posturaino igo da.
- Pauso sendoan dabil oinez Reala. Konfiantza gainezka daukate jokalariek, beren buruarengan eta Montanierrek ipini dien ereduan, eta partidaz partida gorpuzten ari da gero eta fidagarriagoa den taldea. Atzoko neurketa eredu, Zaragozakoa. Erraz irabazi zuen, bere eredua ezarriz aurkariari.
- Hasiera, ordea, ez zen txukuna izan. Zaragozak premia zeukan irabazteko, eta estutzen hasi zen. Goian egiten zion presioa Realari, hiru aurrelari zituela baliatuz, eta azkar galarazten zion baloia Realari. Hamar bat minutu behar izan zituen Realak zelai erdia gainditzeko. Eta behin pasako, eta gola sartu zuen. Eraginkorragoa ez dago izaterik.
- Kontraeraso batean sartu zuen Griezmannek gola. Velak ezker hegaletik barrura eraman zuen baloia, eta pase neurtuak hautsi zuen Zaragozako atzeko hiru jokalarik nolabait osatu zuten lerroa. Zaragozaren presioa gainditzea aski izan zuen Realak area ertzera heltzeko. Hiru aurrelarien presioa gaindituz gero, zelai-erdian zulo asko izan zituelak Montanierren taldeak nahierara aritzeko.
- Golak eman zion baloia Realari, hortik aurrera bere eredua ezartzen hasi zen. Eta eredua den bezalakoa delako, jokalariek baloia oinetan asko eramaten dutelako eta buruz buruko jokaldi asko behartzen dituztelako, atzo ere aurkaria jokalari bat gutxiagoz geratu zen. 22. minutuan, Hector debutari gazteak bigarren txartel horia hartu zuen. Hantxe bukatu zen partida. Reala jaun eta jabe bihurtu baitzen, bere eredua nahierara erabiliz.
- 10 minutu geroago, emaitzak ere bat egin zuen jokoak aditzera ematen zuenarekin. Agirretxek sekulako gola sartu zuen. Area barruan, ertz batetik, zartako biribila eman zion baloiari. 0-2, eta lanak eginda zeuden ustea.
- Zaragozak amore eman zuen. Baloia usaindu ere ez zuen egiten, Realak bereganatu zuelako. Eta defentsan apenas estutzen zuenez, nahi bezala gozatu ahal izan zuten Montanierrenek zelaiaren gainean. Beste kontu bat da emaitzak aditzera ematen duena. Izan ere, aukera ona galdu zuen Realak dozena erdi gol sartzeko, eta partida azkar batean erabakita uzteko.
- Sortu, sortu zituen aukera batzuk, baina asmatu ez. Hala ere, gaiak sakontasun handiagoa dauka. Bizitasuna falta izan zitzaion baloiaren erabilerari, sakontasuna izatea jokoan aurkaria erabat zapaltzeko. Horixe da Montanierren eredua eta estiloa, eta kito, ez zaizkio buelta gehiago eman behar: ziurtasuna nahi du baloiaren erabileran abiadura baino, baloia ez galtzea azkarregi jokatzeagatik, eta gainera, hainbat jokalariren ezaugarriak bere aldeko ditu, ikaragarri gustatzen baitzaie baloia oinetan eramatea. Hori guztia ez da abiaduraren sinonimo, eta partida lotarako tarte bihurtu zen.
- Bigarren zati osoa ez jokatuta ere, antzera izango zen. Hori bai, Zaragozak gola sartu zuen, azken minutuan eta penaltiz (Apoñok). Eskerrak lehenago ez zuen sartu. Bestela, Realak sufritu egin beharko zuen ziurrenik, etxeko lanak zeharo ez betetzeagatik lehenagotik.