Betiko esaldiaren babes ahula
ATLETICO MADRIL 3
OSASUNA 1
Galdu egin du berriz ere Osasunak, eta azkena izaten segituko du.
- Otsoak eta tigreak ez dute gupidarik izan, eta artaldea irentsia izan da, artzain eta guzti. Norbaitek espero al zuen beste amaierarik gaur ilunbarreko ipuinean?
- Atletico lehiakorra dela eta (Simeoneren miraria), Osasunak ere beste horrenbeste edo gehiago izan behar zuen. Lehiatu, lehiatu da, baina hori oinarria baino ez da. Futboleko talde baten etxea eraikitzeko hasierako harria. Non daude leihoak, ateak, teilatua eta beste guztiak?
- Zelaiaren erdia lotuago egiteko asmoz, Mendilibarrek Puñal, Timor eta Annan atera ditu batera. Aurrealdean ere berrikuntza: Sola. Baloia lapurtu eta abiadura baliatzeko hautua. Beste edozein hautu bezala, egokia, dudarik gabe. Baina ondo gauzatzeko, partidan sartuta egotea ezinbestekoa da (emaitzaz ari naiz), aurkariak ekimena hartzean arriskuak har ditzan. Baina 35. minuturako 2-0 galtzen joanda, alferrik hautuak, estrategiak eta antzeko guztiak.
- Atletico bolada gozoan da. Egiten duena egiten duela, garaile beti. Bigarren da sailkapenean, Osasuna azkena. Tentagarria zenbakien krudeltasuna, betiko esaldian babesteko: “Ez da gure Ligako partida”. Bada, eta partida bat gutxiago dago orain zulotik ateratzeko. Babes txikia da Osasuna hotz honentzat.