…bertako intxaurrak 14
ATHLETIC
Eñaut Barandiaranek denboraldi honetako Athleticen arrakastaren gakoak plazaratu dizkigu lan honetan.
Atarikoa eta idatzizkoa gaindituta heldu ziren zurigorriak Vallecasera, azken urratsa emateko tenorean. Orain dela 21 jardunaldi taldea sailkapenaren laugarren koskaraino igo zenean inork gutxik pentsa zezakeen Athletic borroka horretan egongo zenik, eta taldearen helburua Europara itzultzea izanda ere, Europako Liga zuten begiz jota bai zaletuek zein taldeak, edo hori zen behintzat aldagelatik kanpo zabaltzen zuten mezua.
Valverdek zer edo zer erakutsi badu, Bielsak utzitako ondarea eta bere ideiak edabe berean nahasteko abilezia izan da: taldeak ez du aurrera begira zuen erasokortasun, grina eta irrika galdu, baina, eta horretan datza denboraldiaren sekretuetako bat, sendo, oso sendo aritu da atzean, eta orekarekiko apustuak hainbat zalantza sortu bazituen hasieran (adibiderako nik neuk Futbolmamian plazaratu nuen Nire aitaren etxea defendatuko dut hura, non taldearen balizko bi arimez idazten nuen), denboraldiak aurrera egin ahala jokoa eta emaitzak eskutik joan dira, bai taldea alai eta dotore aritu denean, zein zurrun, langile eta distira gutxirekin jardun duenean ere.
Sistematik hasita, 1-4-3-3kotik 1-4-2-3-1ra igaroaz, Valverdek taldea taktikoki aberastu duten hainbat ñabardura ezarri ditu, zelai erdian gehienbat. Hasierako apustuaren distirak, Iturraspe-Beñat-Herrera hirukotearenak, apenas iraun zuen, baloiarekin uste baino makalago aritu zirelako, eta defendatzerako orduan taldeak hutsune asko uzten zituelako barrutik: aurkariek erraz ehuntzen zuten jokoa, eta are errazago heltzen ziren Iraizozen ingurumarietara. Hainbat aldaketa tarteko, azkenerako Beñat euskarritik kendu eta Mikel Ricoren aldeko apustua egin zuen entrenatzaileak. Arrigorriagako maratoilariak zelai erdiak beharrezkoa zuen lana eta hauspoa jarri zituen soropil barruan, bai erasoan zein defentsan. Horren erakusgarri, partiduko lapurtu duen baloi kopurua eta aurkariaren atea zulatzeko erakutsi duen abilezia. Langintza horretan ez da bakarra izan, zelai erdiko beste jokalari batzuk ere, Herrera, Muniain, Ibai eta Oscar de Marcos batik bat, fin aritu bait dira. Zelai erdiko jokalariez ari garela, baina, norbait nabarmentzekotan Ander Iturrasperen izena ageri da beste guztien gainetik. Rico ezkutari gisa, Matienako jokalaria erosoago aritu da taldearen ipar orratz edo itsasargi moduan, eta txapelketaren txanpa erabakigarrian erakustaldiak bata bestearen atzetik kateatu ditu, bere burua Ligako euskarri onenen artean kokatuz.
Makina gelan egindako konponketek emaitza bikaina eman badute, defentsan Gurpegi eta Balentziagaren aldeko apustuek ere ez dute kale egin. Aurreko denboraldian Bielsak Andosillakoa atzealdean kokatu zuenean epelak entzun behar izan zituen, eta bazirudien Valverde heldutakoan egoera bere “onera” itzuliko zela, baina hara non, Athleticeko kapitainak sekulako denboraldia burutu du Laporte ikusgarri batean alboan. Eskarmentua, baloia lapurtzeko usnamen alimalekoa eta taldearen aginte makila bikain uztartu ditu. Atzealdeko ezker hegalari dagokionean, zulo beltza izan da lehen taldetik igaro diren azken entrenatzaileentzat, eta bertatik hamaika jokalari igaro dira, inor asetu gabe. Azken bi urteetan bertan aritutako Aurtenetxe Celtara utzita joan izana horren adibidea. Ataka zailean zen beraz Balentziaga, eta erronka nabarmen gainditu duela esan liteke.
Talde lan bikain honi gehitu behar zaio Adurizen denboraldi ikusgarria, eta txapelketaren bigarren itzulian golak kateatzeko erakutsi duen erraztasuna. Kike Solaren urte beltzak eta Toqueroren berezko gabeziek taldeko aurrelari bakar moduan utzi dute, baina ezin esan horrek gehiegi kezkatu duenik. Kasurako, kontrakoa gertatu da, exijentziak gora egin ahala bere golen otzara betez joan bait da. Azeria beti azeri, nonbait.
Atarikoa eta idatzizkoa gaindituta heldu ziren zurigorriak Vallecasera, eta ahozkoa nabarmen gainditu zuten, gaitzat Champions League-a hartuta. Lastima bertan sartzeko ere atariko froga egotea.