Berea da baloia

Egilea:

Data: 2013/01/07

ESPAINIAKO LIGA (soslaia)

Xavi Hernandez da Bartzelonaren jokoaren burua eta garuna.

Xavi Hernandezek 2016. urtera arte berritu zuen kontratua Bartzelonarekin duela gutxi. Kirol ibilbide osoa talde bakarrean amaituko du ziurrenik. Taldeko gidaria da zelaian, txikia eta mehea, jokoaren burua, garuna.

Erretiroa hartzen duenean, guztiok gogoratuko dugu Bartzelonaren joko eredua goren mailara eramateko ezinbesteko jokalaria bezala. Johan Cruyff-ekin 80ko hamarkada amaieran garatzen hasi zen joko ereduaren azken gidaria.

Futbol jokalari guztiek dute bere joko moldea, jokatzeko modu berezia, bakarra. Jokalari guztiek, neurri handiagoan edo txikiagoan,  eragina dute talde jokoan. Baina azken urteetan taldeari  jokatzeko estilo berezkoa, zehatza, eman diona Xavi dela esan liteke. Taldekide guztiak dantzan jartzen ditu bere doinupean. Baloia berea da, eta berak erabakitzen du zer, non, nola eta noiz egin. Baloia motzean edo luzean jokatu. Noiz hegal batetik hasi erasoa eta noiz bestetik amaitu. Erasoari erritmo bizia eman edo erritmoa geldotu taldea antolatzeko. Baita taldekideek non kokatu behar duten agindu ere aurkariaren amarru taktikoari izkin egiteko.

Guztia dotore bezain erraz, lagunekin jolas garaian arituko bailitzan. Zelaian ez da aurkariak zer egin zain egoten, izan egiten da, berak jokatu nahi duen moduan jokatzen saiatzen da beti.

Oroimena lausoa izaten da, eta pentsa genezake Barçaren joko moldearen nagusitasuna beti gaur egungoaren parekoa izan dela. Baina Cruyffekin hasi zen bidaia luzean etenaldiak egon dira, Txapelik gabeko negu luzeak pairatu ditu Bartzelonak, eta ondorioz eredua zalantzan jarri izan ziren garaiak ere egon dira.

Gaur egun inork gutxik esango luke Barçak garai txarrik izan duenik, arrakastaren eredua da, joko estiloan bereziki eta azkenaldian emaitzetan ere bai. Baina ezin ahaztu Xavik batez ere fisikoki indartsuak ziren taldekide asko izan dituela; Edgar Davids, Thiago Motta , Philip Cocu, Van Bommel edo Edmilson, batzuk aipatzearren. Joko estiloa, eredua, indartzeko joera izan du klubak. Berezko joko ereduari, buruari, giharra gehitzeko saiakerak. Baita giharra nagusi izan ziren garaiak ere. Urrutira joan gabe 2006ko Txapeldunen Liga irabazi zuen Bartzelonako zelai erdiko hirukoa gogoratzea besterik ez dago: Edmilson, Van Bommel eta Deco. Baloia erabiltzeko gaitasuna zutenak, baina dohai fisiko handikoak hirurak. Xavik, min hartuta epe luzez egon ondoren, aulkitik jarraitu behar izan zuen Barçak irabazten zuen 2. Europako Kopa.

Baina ereduaren berritzeak ez du etenik izan. Xavik Guardiolaren erreleboa hartu zuen, erdiko atzelarien aurretik euskarri moduan jokatzeko, baloia defentsatik paseak eginez ateratzeko. Kirol ibilbidean moldatzeko gaitasuna ere erakutsi du, ordea, eta urte biribilenak 15 metro aurrerago jokatzen eman ditu. Horretan ere berritzaile. Jokoaren beharrei beti erantzunez. Jokoan egiten duen moduan, ez da geldirik egon. Jokatu baino, jokoa ulertu egiten baitu, interpretatu, pentsatu. Buruarekin hasten da jokatzen, eta oinekin jarraitu.

Bere eragina Batzelonan ez ezik, Espainiako selekzioan ere nabaria izan da. Luis Aragonesek zelai erdiko ardura berari ematea erabaki baitzuen, bere jokoari egokitzen zitzaizkion jokalariz inguratu zuen, eta emaitzetatik haratago ( Europako Txapelketa 2008an eta 2012an, eta Munduko Txapelketa 2010ean) selekzioari jokatzeko modu berea eman dio, estiloa.

Izan ere, emaitza lortzeko lehen zeregina zertara jokatu nahi duzun erabakitzea izaten da eta Xavik, aspaldi erabaki zuen jolas garaian bezala, futbolean jokatzen gozatu egin nahi zuela, taldekideekin paseak eginez. Baloia berea dela adierazi.