Berdina, baina ezberdina

Egilea:

Data: 2012/12/11

ESPAINIAKO KOPA

Osasunak Valentzia hartuko da gaur Sadar zaharrean, final 1/8etako joanekoan, Ligan elkarren aurka jokatu eta hiru egunera.

Berriz ere partida bera. Hiru egun geroago. Osasuna eta Valentzia aurrez aurre, gaur ere Sadar zaharrean (20:00). Larunbatean Ligan, gaur Kopan, final 1/8etako joanekoan. Aurkari berdina.

Berdina ezin du izan, ordea, partidak. Batetik, larunbatean aritu ziren jokalari asko ez delako izango zelaian hasiera batean. Ordezkoen lehiaketa izan ohi da Kopa, eta gaur ez da salbuespena izango. Osasunan, behintzat, ez. Valentzian, auskalo.

Berdina ere ezin du izan larunbateko jokoarena. Akabo, bestela, Osasuna. Orduan ez bezala, ekimena berreskuratu behar du taldeak, saiatu Valentzia izan dadin bere mendean egongo dena. Nola lortu hori? Aukera bat izan daiteke joko zuzenagoa egitea, bigarren baloietan nagusitzea, aurkariak hartzen badu presioa egitea… erritmoa bizitzea, azken batean. Baina jakina, idaztea hemen oso erraza da; zelaian gauzatzea, zailagoa.

Valentziak ezin du larunbatean bezain eroso ibili. Titularrak edo ordezkoak ari, jokalari onak dauzka, eta ezin zaie eroso ibiltzen utzi.

Berdina da aurkaria, lehiaketa ezberdina, jokalariak ere ezberdinak izango dira ziurrenik… eta jokoak ere ezberdina izan behar du, Osasunaren mesedetan. Berdina, baina ezberdina.

(Itzuliko partida urtarrilaren 8an jokatuko da, 21:30ean, Valentzian)