Berandu

Egilea:

Data: 2012/12/23

ATHLETIC 0
ZARAGOZA 2

Lehen zati eskasak zigortu du Bielsaren taldea.

  • Partidek 90 minututik gora irauten dute, eta zaila izaten da erdia jokatuta, gauza onik ateratzea. Zuk hori bakarrik egiten baduzu, aurkariaren mende zaude, zure erdi txarrean emaitza lotu duen edo ez. Athleticek bigarren zatian bakarrik jokatu du, eta Zaragozak bi gol sartu dizkio lehen erdian, erdi txarrean. Bigarren erdiko susperraldia alferrik izan da. Berandu hasi da jokatzen Bielsaren taldea.
  • Lehen zatian, makal aritu da taldea. Erritmoan eskas, eta tekniko-taktikoan ere motel. Nekez gainditu ahal izan du Zaragozak jarri dion 4na jokalariko lerro parea. Egon bazegoen zulorik bi lerroen artean, baina katearen hasieran geratzen zen jokoa: atzelariak eta zelai-erdikoak jokoa ezin josita ibili dira. Gora ezin helduta ibili da, eta ondorioz, Zaragozak nahi zuena egin du: atzeko lerroa aurreratu samar ipini, oso aurrean jarri ez badu ere.
  • Espainiarren erasoko baliabidea kontraerasoa izan da. Azkar jotzen zituzten baloiak hegaletara, Victor Rodriguezen mugimenduak baliatuz (batez ere, eskuinera). Somatzen zen arriskuaren kezka Zaragozak aurrera jotzen zuen bakoitzean.
  • Bi gol sartu dituzte, biak elkarren segida samarrean. Nahikoa, partida lotzeko. Aurrenekoa penaltiz izan da, eta bigarrena, jokaldi nahasi batean. Hala edo honela, bi gol izan dira, eta Athleticek zeharo aldatu beharra zeukan markagailua iraultzeko. Ia-ia sartu du gola lehen zatian, baina langak ez dio utzi.
  • Bigarren zatian beste Athletic bat azaldu da zelaian. Bielsak Aurtenetxe utzi du barruan, Igor Martinez sartzeko. Muniain barrutik aritu da, Ibai Gomez ezkerrean (lehen zatian eskuinean ibili da) eta Igor Martinez eskuinean; De Marcosek bete du atzeko ezker hegala. Lehen zatian ez bezala, baloia biziago mugitu du taldeak, lerroen arteko joskerak azaldu egin dira, eta zelaia erabat zabalduz, Zaragoza atzerago sartu du. Baloia goian galtzen zuen, eta horrek presioa hor egiteko aukera eman dio. Iraola eta De Marcos oso goian aritu dira, eta horrek zabalduarazi egin du Zaragoza, barrutik zuloak uztera behartuz.
  • Jokoaren hobekuntzari ez dio segida eman eraginkortasunak. Izan ditu Athleticek aukera batzuk gola sartzeko, baina ezin asmatu. Ezta Aduriz eta Llorente batera aritu direnean ere. Kolpea izan da taldearentzat galtzea, aurreko bi partidak segidan irabazi eta gero. Sailkapenean ere geldialdia ekarri du porrotak, erditik behera izango baita talde zuri-gorria.