Bela Guttman… isilik egon izan bazina
EUROPAKO LIGA
Chelseak azken-aurreko minutuan irabazi dio finala Benficari (2-1), eta portugaldarren madarikazioa muga guztiak hausten ari da.
- Finala galtzea latza da, eta azken-azkenean galtzea, oso gogorra. Horixe gertatu zaio Benficari gaur. Chelseak azken-aurreko minutuan hautsi du berdinketa (2-1).
- Joan zen sasoiko Txapeldunen Ligari Europako Liga hau gehitu dio Chelseak. Lehen, ezin zuen Europako lehiaketarik irabazi, eta orain, martxa hartu duela ematen du.
- Benficarena beste muturrean dago, baina oso urrun gainera. Ezin du Europan titulurik irabazi… 1962tik. Orduan lortu zuen Europako Kopa. Harrezkero, ezer ez. Orduko entrenatzaile Bela Guttmanek hau esan zuen taldea uztean: “Ni gabe ez duzue gehiago ezer irabaziko Europan”. Guttmanen madarikazioak sekulako indarra hartu du gaurkoa ikusita, lehen gutxi ez bazuen ere.
- Eta ez da azken unean galtzeagatik bakarrik. Partida aztertuta, Benfica askoz hobea izan da. Lehen zatiko minutu askotan dantzan ibili du Chelsea. Baloiarekin gozatuz majo sufriarazi dio Chelseari. Zelai-erdian trebetasunez aritu dira Gaitan, Perez, Matic, Rodrigo, Cardozo (ze lan ona egiten duen baloiaren bila jaisten denean, bizkarrez eta aurpegiz). Erdian jarri dute Chelsearen arreta, eta gero, bikain zabaldu hegaletara, gehienetan hegaletako atzelariak igoaraziz (batez ere Melgarejo ezkerrekoa). Erdiraketa egitea izan du hurrengi pausoa, Cardozo handiari loriako ateak irekitzeko.
- Sortu ditu aukerak gol aukera bihurtzeko, baina joa falta izan zaio. Egin duen jokorako ez du asko jaurti Cechen atera. Bitartean, Chelsea ezinean ari zen. Ez defentsan, ez erasoan, ezina nagusi. Eskuin hegaletik jo nahi izan dio kolpea Benficari, Ramiresen lasterkadiekin lehendibizi, eta brasildarrak barrurantz jo duenean, beste aukera hau erabiliz: eskuinean jokaldia hasi, eta beste hegalean amaitu. Baina Lampardek egin duen jaurtiketa zital batean izan ezik, estutasun txikiena ere ez dio sortu Benficari. Hori bai, zartako horretan a ze urruntzea egin duen Artur atezainak. Bikaina bezain ederra.
- Bigarren zatian, Chelseak beste maila bat eman du defentsan. Ez da egon, lehen zatian bezala. Aritzeari ekin dio. Baina betiere kontraerasoa aurkitu nahian. 60. minutuan, basamortuan ura azaldu zaio. Cechek atera du baloia erdira, eta Mataren ukituak Torresi eman dio baloia. Aurrelariak bikain bukatu du jokaldia. Errazegi sartu dio gola Benficari. Jo gutxi eta jotzen erraz utzi. Seinale txarra.
- Baina 67. minutuan, Azpilikuetak penaltia egin du, baloiari eskuarekin jota, eta Cardozok sarera bota du baloia penalti jaurtiketan. 1-1, baina Benfica bi aldaketa ausart egina zegoen. Eta Nico Gaitan artistak ezker hegalean jokatu behar izan du, baina atzelari bezala.
- Ematen zuen luzapena izango zela, baina eskuin hegaletik egindako jokaldi batean, kornerra lortu dute ingelesek. Ivanovitxen burukada zitalak hautsi egin ditu Benficakoen begiak. Malkoak isurtzera berriz ere… duela hiruzpalau egun bezala; orduan, azken minutuan kendu zion Liga Portok Benficari, azken-azkenera irabaziz (jardunaldi baten faltan, Portok eskura du titulua). Eta 1962tik gerora jokatu dituen finaletan bezala. Bela Guttman… isilik egon izan bazina…