Behiarena: hausnarrean
GRANADA 0
REALA 0
Puntua oparitu dio Realak Granadari, ia partida osoa aurkariaren area ertzean ibili arren, etekinik atera ez duelako.
- Granadak eta Realak jokatu duten partida emaitzaren berri izan gabe bihar ikusten ari denak, ez du nekez asmatuko edozein unetan galdetzen bazaio azkeneko emaitza zein izan den: esango du Realak erraz irabazi duela. Halako nagusitasuna ikusita, zer esango du ba! Baina Realak ez du irabazi; berdindu baino ez. Puntua oparitu dio Granadari.
- Minutu askotan, bere arearen ertzean eduki du Granada, baina etekinik ez dio atera. Atetik hain gertu ibiltzeko, aukerak ez ditu asko sortu. Zerbait oker egin denaren seinale.
- Hasteko, gosea edo aurkaria txikitzeko sena falta izan dute aurrealdeko jokalariek. Gero, ulertezina den egoera hau: zertarako erdiratzen du hainbeste taldeak, arearen barruan aurrelari errematatzailerik ez badauka? Bukatzeko: hegaletan Granadak ireki dion autobidea baliatzeko, ez dauka zentzurik eskuin hegalean Vela jartzeak; erdiraketak egitea bada agindua (okerra izanda ere, edo ez erabat zuzena), hobe ezkerra ez dena jartzea hegal hartan.
- Area ertzean ibili, egon eta bizi egin da Reala gaur. Baina behiarena egin du: haunarrean jardun. Belarra ahoan sartu, eta hantxe egon, igandetako mendi buelta egiten ari diren ibiltariei behiak begiratzen dien bezala. Ez da eraginkorra izan jokoa. Zertara datoz hainbeste erdiraketa? Hobea zen baloia alde batetik bestera mugitzea, barrualdetik baloia gehiago erabiltzea, atzelariak atera zitezen, eta barruko paseak baliatzeko. Aukera bat baino ez da. Beste aukera bat, beti berdina egin ordez.
- Taldea hain goian ibiltzeko, presioa ere biguna izan da. Ez dute benetan estutu goiko jokalariek, eta nekez izango dute gaurkoa baino aukera hobea horretarako. Granada beharrean aurkari hobea izan bazuen aurrean, puntua ere ez zukeen aterako Realak. Kontraerasoren batean, jan egingo zuen. Gutxi behar izan du Granadak jokaldi batean hiru puntuak batzeko; eskerrak Bravori jaurti dion baloia aurrelariak.
- Nabarmentzekotan, gaur ere atzealdeko bi erdikoen eta Carlos Martinezen sua nabarmendu behar. Eta Illarramendiren lanerako eta jokorako gaitasuna. Beste guztien inguruan, praktikotasun gutxi, eta jolas gehiegi, futbolean jokatu egin behar denean. Portzierto, Griezmannek zer egin behar du 11kotik ateratzeko? Hiru partida eskas daramatza segidan, baina hor segitzen du. Eta Chory Castroren minutuak ere zakarretara botatzeko modukoak izan dira, ordezkoek erakutsi behar duten gosea aldagelan lagata. Eta Agirretxe triste dabil, aulkian egoten denean gertatzen zaion bezala batzuetan.
- Berdinketa tristea gaurkoa. Galdu ez du galdu, baina irabazi ere oso gutxi Realak.