Begien eta belarrien dantza
Osasunak Racingen zelaian irabazi (20:00), eta Atletico, Mallorca edota Levanteren emaitza txarrak behar ditu Europan aritzeko datorren denboraldian
Osasunako zaleak bere taldearen partidari begira egongo dira, jakina (gaur, 20:00etan, Racingen zelaian). Eta belarriak edota begiak beste zelaietakoa zaintzen egon beharko dute. Izan ere, datorren denboraldian Europan aritu nahi badu, bere lana ondo egiteaz gain, beste batzuen emaitzen laguntza behar du.
Beste talde horiek Atletico Madril, Mallorca eta Levante dira. Lehenak galdu, eta beste bietako batek berdintzea behar dute gorritxoek. Edota azkeneko biek ez irabaztea. Berdinduta geratzen bada talde horietakoren batekin, Levanteren bakarrik du alde gol averagea delakoa.
Baina lehen baldintza eta funtsezkoena Osasunak berea irabaztea da. Azkenaren aurka izanik, ematen du hori egitea ez duela zaila izango, baina kontu horiek zelaian bete behar izaten dira gero. Aldez aurretik irabazitzat jotzea arriskutsua izaten da.
Jose Luis Mendilibarrek ezingo ditu Lolo eta Puñal atera, baina bere esanetara izango ditu Roversio, Sergio, Lekic eta Damia.
Etxekoen artean, harrobiko jokalari ugari daude gaurko jokalari zerrendan.