Bazen garaia
ATHLETIC 2
BARTZELONA 2
Athleticek azken unean berdindu du, lehen zatian nagusitu ondoren, eta bigarrenean Bartzelona baino gutxiago izan eta gero.
- Egia al da Athleticek azken minutuan berdindu duela, bigarren zatian Bartzelona aurkaria baino gutxiago izanda? Harrigarria benetan. Alderantziz ari zaiolako gertatzen askotan sasoi honetan: bera gehiago izan, baina aurkariak jaso saria.
- Ez pentsa gaur ere Athletic nagusi izan den tarterik egon ez denik. Lehen zati osoa. Menderatu egin du Bartzelona, eta irabazten joan da atsedenaldira: 1-0 (Susaetak gola, 26. minutuan). Oso argi zegoena egin du Bielsaren taldeak: bere estiloa ezarri, berea duelako, eta gainera, gaur, erritmo bizia komeni zitzaiolako; Bartzelona ez dago egun bizitasun askorako. Halaxe egin du taldeak… baina errenta txikitxoa lortzeko.
- Ez da izan ba aukerak eduki ez dituelako. Susaetak berak, falta batean, baloia langan jarri du, eta Adurizek, beste jokaldi batean, kanpora bota du baloia, burukada latza jo eta gero. Betiko kontuak Athleticen jiran: merezi gehiago, baina uzta txikia. Hala ere, irabazten, eta ez zen gutxi.
- Bigarren zatian aldatu egin da partida. Tira, Messik aldatu du. Zelaira sartu orduko hasi da bereak eta bi egiten. Bartzelona hasi da eroso sentitzen, hainbeste garaipen eta titulu eman dizkion jokoa egiten: erasotu ondo, eta askoz hobeto presionatu, goi-goian.
- Athletic boxeolari baten pare zebilen, kolpeak jaso eta jaso… eta bueltan haizeari kolpeak tiraz. Ezin bere zelaitik atera. Oso eskas defentsatik erasorako trantsizioan, bi pase elkarri eman ezinda. Bartzelonaren presioa oso itogarria izan da, eta ez da erraza halakoetan gauzak ondo egitea, baina zenbait jokalditan, Athleticekoen beraien hutsek eragin dute baloia galtzea.
- Somatzen zen Bartzelonak gola laster sartu behar zuela. Messik utzi dio oparia San Mamesi, egun seinalatuan. A ze jokaldia berea. Parean jarri zaizkion zuri-gorri guztiak lurrean utzi ditu, eta jaurtiketa doitua egin du. Berdinketa. Horrekin konforme ez, eta handik bederatzi minutura, bigarrena sartu dute kataluniarrek (Alexisek, 69. minutuan). Ez du inor harritu emaitzak izan duen iraultzak.
- Minutuak aurrera zihoazen, eta Athletic ez zen gauza Bartzelona estutzeko ere. Llorente atera du Bielsak Adurizen partez. Baina ezinean ari zen taldea. Azken unean Herrerak gola sartu duen arte. Inork espero ez zuenean. San Mames pozik geratu da: zelaia bera, talde handienetako baten azken bisitan horrela amaitu delako partida, eta zale guztiak ere bai. Puntua ona da.