Bayern Munich eta Chelsea: bi taldeen analisi taktikoa
TXAPELDUNEN LIGAKO FINALA
Sistema bera erabili arren, eredu ezberdina daukate bi taldeek.
Hemen da Txapeldunen Ligako finala, eta teorian faborito ziren bi taldeak kaleratu zituzten Bayern eta Chelsea izango dira aurrez aurre; galtzera kondenatuak zeudenak, nolabait esateko.
FINALERAKO BIDEA
Bayernek erraz menderatu zuen Basel final-zortzirenetan, Suitzan 1-0 galdu arren. Gero, Alemanian, 7-0 irabazi zuen. Final-laurdenetan, Marseilla bota zuen kalera. Frantzian 0-2 irabazi zuenez, itzulikoan, Munichen, titularrak ez diren hainbat jokalari zelairatzeko aukera izan zuen; hala ere, 2-0 garaile.
Finalerdi gogorra eduki zuen Real Madrilen aurka. Etxean 2-1 irabazi eta gero, Madrilen 1-0 galdu zuen, eta penalti jaurtiketetan lortu zuen finalerako txartela.

Chelseak asko sufritu zuen Napoli menderatzeko final-zortzirenetan. 3-1 galdu zuen Italian, eta Londresen, luzapenean sartu zuen kanporaketa gainditzeko gola. Bi partida horien artean aldatu zuen entrenatzailea: Andre Villas-Boas kalera eta Robertoo Di Matteo (ezagun zaharra dut, West Bronwich Albion taldea entrenatu zuenetik) lanera. Uste dut Di Matteok asmatu egin zuela beteranoei ardurak itzultzean: Lampard, Terry, Essien y Drogba; funtsekoa izan zen kanporaketa hura gainditzeko. Gero, finalerdian, 1-0 irabazi zion Bartzelonari joaneko partidan, eta 2-2 berdindu zuen Bartzelonan, itzulikoan, lehen zatiaren erdialdetik hamar jokalarirekin aritu arren (John Terryri txartel gorria atera zion epaileak).

Heldu da finala, eta bidean geratu dira hainbat jokalari bi taldeetan, txartelak pilatzeagatik. Chelsean hauek ez dira ariko: Ivanovic, Terry, Meireles eta Ramires. Bayernen, hauek: Luis Gustavo, Badstuber eta Alaba.
BAYERN MUNICH
Alemaniarrek bere zelaian jokatzen dute. Jupp Heynckesek atera dituen hamaikakoak eta partidetan egin dituen aldaketak aztertuta, ondorio hau atera dut: partidak erraz samarrak izan direnean, erasoko jokalari gehiago jarri izan ditu zelaian aldaketen bidez. Baina neurketa zailetan, Real Madrilen aurkako bietan kasu, aldaketa bakarra egin zuen bi lehietan, eta bietan jokalari bera zelairatu: Thomas Muller. Kontuan izan behar da Madrileko partidan 120 minutu jokatu zituztela.

Horregatik, eta finala etxean jokatuko dutelako, uste dut honela antolatuko duela hamaikakoa Heynckesek: Van Buyten erdiko atzelaria osatzen ez bada (Badstber zigortuaren ordezkoa), Tymoxuk ariko da leku horretan; osatzen bada, Tymoxukek jokatuko du zelai-erdian Luiz Gustavoren ordez, eta Schweinsteigerren alboan. Tymoxukek erdiko atzelari bezala aritu behar badu, Kroos izango da Luiz Gustavoren ordezkoa. Krossen lekua Mullerrek beteko luke aurreragoko hiruko lerroaren erdialdean. Lahm izango da Alabaren ordezkoa ezker hegalean, eta Rafinha ariko da beste hegalean. Oso garrantzitsuak dira Badstuber eta Alabaren hutsuneak.

CHELSEA
Ez zait iruditzen Chelsea beldurtu egingo denik finala Bayernen etxean jokatzeagatik. Lehen ere erakutsi izan du aurkarien zaleen presioak ez diola eragiten, eta talde handia izaten segitzen duela etxetik kanpo ere. Bere jokoaren baliabide nagusia kontraerasoa da.

Zigortuen hutsunea handia da hemen ere, jokatu ezin duten guztien lana oso garrantzitsua izan delako emaitza hobetzeko. Atzealdean, Ivanovic eta Terry faltako zaizkio, baina David Luiz eta Cahill (neguko merkatuan Boltonetik ekarritako fitxaketa distiratsua) ariko diren itxaropena daukate. Bi horiek ondo ordezka ditzakete faltako diren bien lekua, nahiz eta Terry ordezkatzea oso zaila iruditzen zaidan. Meireles ez da ariko zelaiaren erdian, eta bi aukera daude bere tokirako: Obi Mikel eta Essien aritzea, edo Lampardek beherago jokatzea Essienen ondoan. Goragoko hiruko lerroan, Ramiresen lekua Maludak har dezake edo Kalouk. Erasoan, iruditzen zait Drogbak bakarrik jokatuko duela.

AIPAMEN TAKTIKOAK
Zelaian erakutsiko duten sistema edo irudi geometrikoa bera izango den arren bi taldeetan, ezberdintasunak egongo direla espero dut, eta handiak, gainera:
- Bayernen aldaera erasoan hau izango da: zelaiaren erdiko bi jokalarietako bat gorago ariko da. 4-2-3-1 irudia 4-1-3-2 bihurtuko da askotan.
- Chelseak, aldiz, kontrakoa egingo du: hasieran leku jakin batean dauden jokalariak atzerago ekarriko ditu defetsako lanean, kontraerasoa lortzeko asmoz; hori egingo du galtzen ez doan bitartean, jakina. Hortaz, 4-2-3-1 irudia 4-1-4-1 bilakatuko da.
Erasoan, bi taldeak saiatuko dira hegaleko atzelarien erasoak egiten, eta zelai-erdiko hegalekoak erabiltzen; azken horien kasuan, barruranzko joera hartuko dute baloiaren jabe direnen mugimenduek, hegalez aldatuta aritzen direlako Ribery eta Robben Bayernen, eta Mata Chelsean. Oso arriskutsuak dira horretan bi taldeak.

Geldikako jokaldietan, biak dira oso trebeak, jaurtitzaile onak dituztelako, batetik, eta errematatzaile abilak, bestetik. Beste ezaugarri hau ere nabarmendu behar da bien kasuan: erasoan, bigarren baloiak hartzeko trebetasuna daukate Drogbak eta Lampardek, eta Kroosek, Schweinsteigerrek eta Mullerrek.
Partida ona izan dadila, eta gozatu!