Baten ziurtasunak, eta bestearen zalantzak
ESPAINIAKO LIGA
Eibarrek eta Realak atzo jokatu zuten partidaren inguruko analisia eta gogoetak.
Ipuruako derbia bere horretan aztertuko dugu hemen. Partida bera hartu , eta eman zuenaren inguruko gogoeta dator ondoren, taldeka banatuta.
Ezertan hasi aurretik, Eibarrek eta Realak eman zuten itxurari helduko diogu, hortik abiatuta xehetasunetan sartzeko. Eibarren kasuan, hau nabarmendu zen: ziurtasunez jokatu zuen, jokalariek oso garbi izan zuten zer egin une bakoitzean. Realak kontrako itxura eman zuen: zalantzaz beterik azaldu ziren jokalariak.
EIBAR
- Eibar eroso egon zen ia partida osoan. Estutasun une luzerik ez zuen pasa beharrik izan.
- Bizi ekin zion partidari, sakontasuna lortu nahian, eta erasotik defentsarako trantsizioan oso presio ona egin zon Realari: baloia galdu orduko Realaren area inguruan, presioa egin zion ia beti, hasiera horretan.
- Reala deseroso egotea lortu zuen Eibarrek. Batez ere, presioarekin.
- Geldikako jokaldietan arrisku handia eragin zion Realari. Taldeak oso ondo menderatzen du arlo hori, jokalari trebea duelako baloia jokoan ipintzeko (Javi Lara), eta oso garaiak direlako errematera doazen gehienak. Eta jakina, jokaldi landu dezente dituzte.
- Oreka. Erasoan joan zenean, bikain jarri zen geroko egoerei aurre egiteko: defentsako lanerako. Zoragarria da ikustea zeinen ondo gordetzen dituzten lekuak baloiaren atzetik dauden jokalariek. Gauzak garbi dituzte, ondo landuak.
- Realak zelaiaren erdian lau jokalari izanda, Eibarrek hegaletako erdilariak barrura bota zituen baloia beste hegalean zegoenean, Realaren zelai-erdiko jokalari kopurua berdintzeko. Horren arriskua zen hegalak libre samar uztea Realari, baina baliteke horrek kezka gutxi eragitea Eibarri; azken batean, Eibarko atzelariak ondo moldatzen dira-eta hegaletatik datozen erdiraketetan. Aurkaria aztertu, bere indarguneak baliogabetzeko.
- Erasoan, mugimenduak ondo zehatzak izan ziren. Goiko jokalariek zer egin behar zuten badakitela erakutsi zuten egoera bakoitzean, eta horrek asko balio du.
- Taldeko lana. Jokalari guztiak bat izan ziren zelaian. Beraien mugimenduak ikustea nahikoa izan zen horretaz jabetzeko. Batez ere defentsako lanean, eta erasoan ere bai, orekaren gaia aipatu dugunean azaldu bezala.
REALA
- Oso partida hotza jokatu zuten jokalariek une askotan. Pausoan jokatu zuten erasoan, esaterako. Oso deigarria izan zen hau: atzelariren batek edo euskarrian ari zenak baloia hartzen zuenean, baloiaren aurreko jokalariak geldi egon ziren jokaldi askotan. Baloia oinean jaso nahi izatea deitu zaio horri beti futbolean. Eta horrela ezinezkoa da ondo erasotzea. Mugitu izan zirenean ere koordinazio falta handia ikusi zen, leju berera bi eta hiru jokalari ere joaten zirelako.
- Eibarrek asko estutzen zuenez, Realeko jokalariek ia beti aurkari bat izan zuten gainean. Halakoetan, azkar jokatzea komeni izaten da, baloia azkar emanez aurpegiz dagoen norbaiti. Bada, Realekoek makal jokatu zuten egoera horietan. Baloia eraman, kontrola egiten saiatu… Lanak erraztu zizkieten Eibarkoei.
- Joko landua egitera atera omen ziren, “betiko jokoa”, jokalari batek esan zuenez gero. Baina askotan joko zuzenaren aldeko hautua egin zuten. Eta Agirretxek baloi guztiak edo ia guztiak galdu zituen Albentosa eta Raul Navasen aurrean.
- Agirretxe ez zen asko mugitu, baloiaren bila, zelai-erdian sor zitezkeen zuloak baliatzera. Gabezia handia izan zen hori. Ez dakigu hala agindu ziotelako izan zen, edo berak erabaki zuelako, baina ikusita Eibarko bi erdiko atzelariak makalak direla lekutik ateraz gero, ulergaitza egin zitzaigun aukera hori ez baliatzea Realak.
- Erasotik defentsarako trantsizioan, bigun antzean ibili ziren jokalariak Ipuruan. Presioan epel. Krasnodarren aurka beste su bat erakutsi zuten. Atzo zergatik ez?
- Carlos Martinezen maila teknikoa apala izan zen atzo. Yurik ere ez zion asko eman erasoan taldeari. Biak aldatu zituzten gero. Zalduak askoz min gehiago egin zuen oso denbora gutxian. Gertatzen zaizkie halakoak entrenatzaileei: ustez maila ona emango dizulakoan, jokalari bat aukeratu 11koan, eta hori ez gertatzea.
- Deseroso ibili zen Reala ia beti. Ezin erritmo zehatza hartuta. Erabat Eibarren mende, Eibarrek egiten utzi ziona egin zuen, bigarren zatiko tarte batean izan ezik. Hor presioa nahiko ondo eginez, azkar berreskuratu zuen baloia taldeak. Baina ez zuen asko iraun, eta etekinik ere ez zitzaion atera.