Bat gehiago eta bi gutxiago
OSASUNA 0
REAL MADRIL 0
Otso zuririk ez zen azaldu Sadar zaharrean, eta Osasunak irabazteko aukera ere izan zuen; baita galtzeko arriskua ere.
- Galtzeko ere asko zuen atzo Osasunak, irabazteko ere bai, eta azkenean, ez batetik, ez bestetik jo zuen. Berdinketa. Puntu bat gehiago eta bi gutxiago. Ona da batzea, bere egoeran banaka puntuak pilatzea gutxi bada ere; horregatik bi gutxiagorena. Baina batuketa egiten segitzea ona ere bada, eta horregatik bat gehiagorena.
- Real Madrilen aurka jokatzean, ondorengo azterketa guztiak bere jokoaren jiran egiten dira, aurkaririk gabe jokatuko balu bezala. Atzokoa ez da salbuespena. Osasunaren lana goraipatu beharrean, Real Madril izan zen partida txikia egin zuena, Real Madrilek ez zuen asmatu eta horrelakoak. Ondo esan zuen Mendilibarrek partida ondorenean: “Guk gure partida egin dugu, ez dakit Real Madrilek hala egin duen”. Osasuna izango zen, hortaz, espainiarrei desoroso sentiarazi ziena Sadar zaharrean.
- Hori zen helburuetako bat aldez aurretik. Real Madrili hortzak erakutsi behar zitzaizkion, estutu. Beste askotan bezala, presioa goian egiteko baliabidea erabili zuen Osasunak, nahiz eta horrek bere zelaian espazioak ugaritu Mourinhoren taldearentzat. Lehen zatian, horrela izan zuen aukera garbiena. Andres areatik kanpora atera zen baloia urruntzera, eta Higuainek ia-ia sartu zion gola. Baloiaren jabe (hala esan badaiteke) Osasuna zen, baina Real Madrilen kontraerasoak oso zitalak izaten dira.
- Bigarren zatian, aukerak Osasunak izan zituen, baina betikoa: ezin asmatu. Beti izan zuen zerbait oztopo: pase txarra ematea ona behar zenean, aukera txarra aukeratzea baloia jaso behar zuenak ez jasoz eta halakoak. Aurkariaren area inguruko lana du traba nagusi taldeak, eta golik sartu ezean, jai dago. Hobetu al daiteke? Ala eduki egin behar da taldean arlo horretan onak diren jokalariak?
- Galdera horren erantzunaren bilakaerak asko zehaztuko du Osasunaren ibili bigarren itzulian. 15 puntu batu ditu aurrenekoan, oso-oso gutxi, eta askoz gehiago atera beharrean da hemendik aurrerako 19 partidetan. Bestela, jai dauka. Non saltzen da golan sartzeko botika eta horreterako aukerak sortzeko edabe magikoa?