Basamortuan urik ez dago

Egilea:

Data: 2012/09/23

LEVANTE 2
REALA      1

Galdu egin du Levanteren zelaian, aurreratu arren eta denbora askoan neurketa menderatuta edukiagatik.

  • Etxetik kanpo irabazi ezinda segitzen du Realak. Gaur ere kale, eta nekez izango du aukera hoberik hiru puntuak lortzeko.
  • Menderatuta izan du partida eta aurkaria, eroso jokatuz, baloia oinetan etxetik kanpoko beste partida askotan baino segurtasun handiagoa erakutsiz.
  • Levanteren jokoa zein den jakina da: kontraerasoan moldatzen da ondoen. Atzean sartuta egon da, aukera noiz helduko… eta ematen zuen ez zela helduko. Eroso zebilen Reala.
  • Golak, Zurutuzaren zartakoak, areagotu egin du nagusitasuna. Baina etekinik ez dio atera taldeak, eta gero, garesti ordaindu du.
  • Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Nagusitasuna Realarena, baina etekinean ere aldaketarik ez. Ez zuen ematen Levantek ezer onik egin zezakeenik, baina emaitza estua zenez (0-1), arriskua hor zegoen.
  • Realaren nagusitasuna jokaldi batean hautsi da. Levantek gola sartu du, baina epaileak ez dio baliorik eman, jokoz kanpo zegoelako Martins. Bati indarra eman edota besteari kendu, akabo ordura arteko lasaitasunak eta nagusitasunak. Levante gehiago izan da azken hogei-hogeita bost minutuetan. 70.ean berdindu du Barkerok, penaltiz.
  • Zelai-erdian lehen ikusten ez ziren zuloak azaldu zaizkio Realari, eta jokalari aurreratuenen defentsako lana oso irregularra denez (oraintxe bai, oraintxe ez), erosoago aritu da Levante.
  • Realak hiru puntuen bila joateari ez dio utzi, eta kontraerasoan jaso du bigarren gola. Goialdean presio gutxi baloia galdutakoan, eta atzealdean 2×1 egon arren, Martinsek aurrea hartu die Iñigo Martinezi eta Mikel Gonzalezi. 86. minutua zen.
  • Hortik aurrerakoa, nahi eta ezina.
  • Eta orain, ingurua haserre, bere buruari galdetuz ea nola arraio ez duen irabazi halako partida bere taldeak. Erantzunak asko izango dira; bat, hau izan daiteke: jokoan nagusi zarenean, eraginkortasunak azaldu behar du azken metroetan, beste zerbait behar da azken metroetan. Gaur, esaterako, hainbat jokalari bere burua lorez janztera joan dira, lagunari pasatu ordez, beraiek jaurtiz, laguna bakarrik eta egoera hobean egonda ere. Beste erantzun bat: erasoko jokoan, azken metroetan, oinarrizko gauzak landu gabe dituztela ematen du, edozerk balioko balu bezala, dena jokalarien askatasuna bailitzan. Zehaztasun gehiago behar da, askatasuna galdu gabe.
  • Azkenekoa, Montanierri: goi-goian ari den hirukoak ez badu laguntzen defentsako lanean, hobe da zelai-erdia indartzea emaitza aldekoa denean eta aurkariak esnatzeko zantzuak ematen dituenean. Are gehiago, goiko horien eraginkortasuna erasoan hutsaren hurrengoa izaten ari denean. Eta Ros ateratzea ondo dago zelai-erdia indartzeko, baina gero Xabi Prieto bere aurrean jartzea, aurrelarien atzetik, Rosen aldaketari indarra kentzea da.