Bartzelona, Real Madril, Borussia Dortmund, eta…?
TXAPELDUNEN LIGA
Final 1/4etako kanporaketetan, ematen du hirutan faborito argiak daudela eta bestean, berdintasuna: Bayern ala Juventus?
Kanporaketa erakargarriak dira Txapeldunen Ligako laurak: zortzi talde on geratzen dira, finalerdiak begiz jota dituztela.
Banaka aztertuz gero kanporaketak, ematen du hirutan talde bat bestearen gainetik dagoela; laugarren kanporaketan, aldiz, berdintasuna da nagusi. Hauxe lau lehien azterketa:
- PSG-Bartzelona (apirilaren 2an)
Bartzelonak behar luke aurrera egin. Edozein menderatzeko gai da, nahiz eta sasoi honetan, fidagarritasun apur bat galdu duen partida gutxi batzuetan. Berea egiten badu, aurrera egingo du, eta berea egite hori oso berea du. PSG talde ona da, izar ugari dauzka (Ibrahimovic, Lavezzi, Pastore, Thiago Silva, Moura…), eta arriskutsua izateko ez zaio ezer falta. Baina bi partidatara, Bartzelona da faboritoa.
- Bayern-Juventus (apirilaren 2an)
Hemen da korapiloa. Biak dira lider sendoak Bundesligan eta Calcioan, hurrenez hurren. Eta orain, aurrez aurre. Bayern sekulako indarrarekin zegoen herenegun arte, baina Arsenalen aurkako kanporaketan, etxean eta zaleen aurrean, estu ibili zen sailkatzeko; inork ez zuen halakorik espero, nahiz eta jokalari on batzuk falta egun horretan. Erreferentzia horri balioa ematen bazaio, Juventus sendoagoa, baina italiarrak ere ez dira fin-fin ibili azkenaldian hainbat partidatan. Zaila da hemen faboritoa nabarmentzea. Pirloren erritmoak aterako al ditu bere onetik alemaniarrak?
- Malaga-B.Dortmund (apirilaren 3an)
Alemaniarrak faborito eta nabarmen, gainera. Honek behar du izan beraien denboraldia, eta aukera ona dute handiren bat egiteko. Malaga talde ona da, baina ez alemaniarrak bezain sendoa. Beste zerbait dauka Borussiak, eta gainera, etxean jokatuko du itzulikoa.
- Real Madril-Galatasaray (apirilaren 3an)
Kolore zuriak turkiarren gorria eta horia itzaltzeko arrisku galanta du kanporaketa honek. Gehiago da Real Madril, askoz gehiago, eta bi partidatara izanda, handiagoa da bien arteko aldea. Drogba eta Sneijder aurreko taldean izanda ere, lasai asko geratu dira madrildarrak zozketaren berri izan eta gero.