Bartzelona izango da Athleticen aurkaria Espainiako Kopako finalean
Valentziari irabazi zion atzo (2-0). Finala non eta noiz jokatuko den ez dago zehaztuta
Athleticek badu kontrarioa Espainiako Kopako azken partida jokatzeko: Bartzelona. Atzo gauean, Pep Guardiolaren taldeak irabazi egin zion Valentziari (2-0), eta horrenbestez, finalean da Kataluniako taldea.
2009ko final bera izango da, hortaz. Orduan, Bartzelona nagusitu zitzaion Athletici (4-1). Hemen irakur dezakezue Berria egunkariak egun hartakoaz egin zuen kronika. Eta ondorengo bideoan ikus ditzakezue final hartako golak:
Finala non eta noiz izango den ez dago zehaztuta. Lekuari dagokionez, hainbat aukera aztertzen ari da Espainiako Federazioa: Bernabeu, Calderon, Mestalla… Bartzelonak Camo Noun jokatzea ere proposatu du. Egunari buruz, berriz, bi aukera daude: maiatzaren 20an (igandea) izango da Bartzelona ez bada sailkatzen Txapeldunen Ligako finalera (bezperan da, 19an); eta maiatzaren 25ean izango da (ostirala) Bartzelona Europako lehiaketa nagusiko finalean bada.
Atzo gaueko finalerdia Athleticena baino estuagoa izan zen. Bi taldeek izan zituzten golak sartzeko aukerak, eta arlo horretan hobeto moldatu zen Bartzelona. Cesc eta Xavi izan ziren golegileak. Bideo honetan dituzue ikusgai bi golak: