Balitz eta balu…

Egilea:

Data: 2013/02/02

VALLADOLID 2
ATHLETIC 2

2-0 galtzen joan eta gero, berdintzea lortu du Athleticek, eta irabazteko aukera ere izan du.

  • Partida bukatu, eta puntua ontzat eman daiteke. Hasiera ikusita… Baina, gutxitxo ere izan dezake puntu aleak, irabaztetik gertu izan delako. Horra Athleticen inguruan dabiltzan bi usteak. Denak ari dira balitz eta balu… baina Valladoliden, bi alde izan zituen hipotetikoak: txarra eta ona.
  • Hasiera negargarria egin zuen Athleticek: hamabosgarren minuturako 2-0 galtzen. Bi golak antzekoak. Zelai ederra da ba Valladolidekoa atzetik hain nabarmen joateko! Hotz egiten du, jokatzeko ez da atsegina, eta gainera, bi gol atzetik.
  • Baina azken asteetako Athletic hau ez da erortzen, lehenagokoa ez bezala. Iraun egiten du, kolpea kolpeari emanez, eta eskerrak horri. 1-0ekoaren ondoren gertatu da: Adurizen jaurtiketak zutoina izan du parean, eta gero, bigarren gola jaso du taldeak. Lanean segitu du, eta kontraeraso zitalen bidez, gertu izan du gola.
  • 22. minutuan sartu duen arte De Marcosek. Baloia erditk hegalera eraman, erdiratu eta gola. Erraz, oinarrizko baliabideak erabiliz. Golak bizia esan nahi zuen, eta baita hau ere: erdilariak golak egiten segitzea oso ona da. Joan zen igandekoari hau gehitu dio arabarrak.
  • Nagusi izan zen Athletic gero, baina ezin goletan gauzatu. Ondoren, Valladolidek hartu zuen gidaritza. Baita bigarren zatiaren hasieran ere. Ekin orduko, Javi Guerrak zutoinaren krudeltasuna pairatu zuen…eta handik berehala, bi goleko abantaila galtzearena: Susaetak sartu zuen gola. Honentzat ere poza, nola ez, eta taldearentzat hazten segitzeko aukera: erdilari bat golegile berriz.
  • Berdinketak erotu egin zuen lehia, lehenaz gain. Kolpea nik zuri, kolpea zuk niri. Aukerak bi aldeetan, baina eraginkortasuna hotz, eguraldia bezala. Emaitzarekin ere hotz antzean batzuk, bero besteak. Gutxi hainbatentzat, nahikoa zenbaitentzat. Baina alferrik da balu eta balitz jardutea. Egina bale, esaten dute gure herrian.