Bakoitzari berea

Egilea:

Data: 2012/06/17

EUROKOPA 2012

Txekiak irabazi egin dio Poloniari (1-0), eta A multzoko irabazlea izan da. Etxekoak, kalera.

  • Lan onari aipamena egin behar zaio, eta lan txarrari buruz ere kontatu egin behar dira gauzak. Bietatik izan zuen atzo gaueko Txekia-Polonia partidak. Onetik Txekia aritu zen; txarretik, Polonia.
  • Ondorioa, hauxe: Txekiak irabazi du A multzoko borroka, eta final-laurdenetan da. Polonia, etxeko taldea, etxerik gabe geratu da, eta kalera doa.
  • Txekiari baloiak eman zion ate guztiak irekitzeko baloia. Itxi, aldiz, baloia ez edukitzeak. Aurreneko 30 minutuetan, tresna biribilarekin etsaituta aritu zen. Ezin paseak paseari lotu. Rosicky aulkian zen, baloiaren lagunik onena, baina ez da aitzakia. Kolar ari zen bere ordez, baina ezkutuan zegoen. Polonia zen nagusi tarte horretan.
  • Baina ezustean, edo denen ustean (ikusirik etxekoen bi aurpegiak aurreko partidetan; batez ere Greziaren aurkakoan), Poloniak uko egin zion baloiari. Atzean itxarotea erabaki zuen, eta ekimena Txekiak hartu. Etxekoen hondamendia izan zen.
  • Txekiari ez zion baloirik kentzen, eta ez pentsa baloia azkar mugitzen zutelako zenik. Erritmo apalean ibilita ere, baloia beti Plasilek eta gainerakoek zeukaten. Horrek erakusten du etxekoen ezina. Jokalariena, edo atzean sartzeko esan zienarena, norbaitek esan bazien, behintzat. Esan edo ez, Smuda entrenatzaileak alde egingo du selekziotik. Kritikaren begi zorrotzak berari begira ari dira.
  • Baloiak ekimena dakar, ekimenak aurkariaren areara gerturatzea, eta areara gerturatzeak gola sartzeko aukera. Sartu zuen Txekiak. Jiracek izan zen (72. minutuan).
  • Hortik aurrerakoak ez zuen bi taldeen ibilbidea aldatu. Polonia joan da gehiago egin zezakeen ustearekin, eta Txekia final-laurdenetan da, gabeziak edukita, baina ondo egiten duenari zuku ederra aterata. Bakoitzari berea.