B multzoaren analisia

Egilea:

Data: 2012/06/06

Futbolean ere izenari izana azkar jartzeko joera oso hedatua dago bazterretan. Horregatik, Eurokopako zozketa egin zenean, B multzo hau honela bataiatua izan zen, besteak beste: “heriotzaren multzoa” eta“beldurgarriena”. Taldeen izenei erreparatzen bazaio, baliteke ondo definituta egotea, baina gauzak patxadan aztertuz gero, oso argi ikusten da multzo honetan bi azpimultzo daudela: Alemania eta Herbehereak, batetik, eta Portugal eta Danimarka, bestetik. Esan nahi baita, egundoko ezustea litzateke lehen bietako bat kanpoan geratzea aurreneko fasean; gauzak bere bidetik joanda, alemaniarrek eta herbeheretarrek final-laurdenetan behar lukete. Beste bien artean, Portugalek izan ditzake aukera apurrak, eta Danimarkak, askoz gutxiago.

HERBEHEREAK

Hautagaiaz haratago

Historia hor dago, txapelketaz txapelketa zizelkatua, eta Herbehereak askotan jo izan da irabazteko hautagaitzat. Baina gero, ezer gutxi lortu ahal izan du. 1988ko Eurokopa hura ez bada… Finalaren loriara ere ez da askotan gerturatu urteetan atzera eginez gero. Baina azkeneko Munduko Kopan, 2010ekoan, bigarren izan zen; oso gertu izan zuen lehiaketa handiena. Hautagai hutsa izatearen zama gainetik kendu zuen, eta arintasun horrekin azalduko da Eurokopa honetara.

Berriz ere hautagaitzat jo dute denek. Eta zerbait gehiago ere bada. Faboritoetako bat. Ez da hautagai bat gehiago. Koska hori igotzeko, zerbait aldatu behar izan du Bert van Marjwik entrenatzaileak. Duela bi urte ikusi zen ez duela herrialdeko estilo zehatz eta dotore hori hasi eta buka betetzen. Jokalariak ditu horrela jokatzeko, eta ez du eredu hori galdu, baina askoz sendoagoa da taldea. Hanka sartzeko beldurrik gabe esan daiteke hau: historiako Herbehereak sendoena da egungoa.

Baloiaren abil, eta baloirik gabe indartsu. Horra bere ezaugarriak. Eta gero, nola ez, hainbat jokalariren trebezia, Arjen Robben eta Robin Van Persie buru dela. Bi hauek edozer egiteko gai dira, eta taldekideen sendotasunak askatasun handiagoa ematen die nahierara ibiltzeko. Gainera, sendoa izateak ondorio hau izan du taldearen ezaugarrietan: kontraerasoan jokatzeko aukerak ugaritu egin zaizkio, eta Robben zein Van Persie abilak dira horretan. Lehen, Herbehereak izaten zen aurkariaren kontraerasoak pairatzen zituena, baina orain, ereduari emandako aldaketa horrekin, bera da arriskutsua horretan.

Van Marjwiken lana urteetakoa da, eta hori ere aldeko du taldeak. Ondo dakite zer egin behar duten, eta partida asko jokatu dituzte elkarrekin. Beteranoak dira, eta gazteak ere badaude. Uztartze egokia izan ohi da hori. Gero, jakina, zelaian erakutsi behar izaten da, baina Herbehereen alde apustua egitea ez da aukera txarra une hauetan.

DANIMARKA

Ikusgarritasuna ez da nahikoa

Hamabi urte dira dagoeneko Morten Olsenek selekzioaren ardura hartu zuenetik. Zenbat jokalari ez ote dira aritu herrildeko taldean harrezkero. Urtea joan, urtea etorri, txapelketa joan, txapelketa etorri, ez da aldatzen Olsenen taldearen jokatzeko eredua. Aurreneko araua eta oinarria da baloiaren jabetza; bigarrena, erasoan aritzea; eta hirugarrena, horretarako baliabideak erabiltzea. Ezaugarri horiek irakurri eta gero, erraz etortzen da ezpainetara eredu hori zehazteko hitza: ikusgarria.

Ikusteko talde egokia da Danimarka. Nekez aspertzen da bat bere partidei begira. Aurkariaren bila joateak dakarren bizipoza da. Baina, jakina, txanpon horrek ere badu beste alderdia: eraginkorra izan ezean, atzealdean zulo asko egoten dira. Eta beste hau ere bai: baloia galdu bezain pronto, presioa azkar egitea komeni izaten da, atzealdeko zuloak ez ditzan baliatu aurkariak. Horretarako, jokalarien grina ezinbestekoa da. Sendotasuna, indarra, elkarri laguntzeko borondatea… funtsezkoak dira ikusgarritasunari etekina ateratzeko.

Horretan du gabezia Danimarkak. Hasteko, oso eraginkorra ez da atearen aurrean. Gero, baloirik gabeko lanean, hutsune asko dauzka. Eta azkeneko Munduko Kopan, horiek denak gutxi ez, eta akats handiak egin zituzten hainbat jokalarik; batez ere, atzealdean, hutsak garesti ordaintzen diren leku horretan. Oso aukera gutxi dauzka multzoen fase hau gainditzeko.

ALEMANIA

Dena dauka

Beti eman izan die beldurra aurkariei alemaniarren aurka aritu beharrak. Neurri handi batean, oso lehiakorrak direlako, fisikoki indartsuak, eta nola ez, jokalari trebeak izaten dituelako beti. Egungo Alemaniak ezaugarri horiek guztiaz dauzka, eta gainera, Joachim Low entrenatzaile denetik, indar handiagoa ematen dion beste baliabide bat ere badu: baloiarekin trebetasuna taldeko jokoa egiteko.

Baloiaren jabe denak partida mendean izateko askoz aukera gehiago dauzka. Aurkaria izaten da sufritzen duena. Hori eman dio Lowek selekzioari, eta lehendik ere beldurgarria zenak, izua eragiten du orain aurkarietan.

Taldea du, eta taldeko lanean sinesten dute denek. Alemaniarren izaera berezkoa. Horri gehitzen bazaizkio hainbat jokalari trebe, lapiko bikaina prestatua du entrenatzaileak. Lerro bakoitzean du nabarmentzeko jokalariren bat edo batzuk: atean, Manuel Neuer; atzealdean, Philipp Lahm; erdialdean, Bastian Schwensteiger eta Mesut Ozil; eta aurrealdean, Mario Gomez. Dena dauka, eta guztiaren jabe denari, eskakizun gorena egin behar zaio: Eurokopa irabaztea.

PORTUGAL

Buruko lanaren zama

Nahi du selekzioen onenen parean jarri, baina ezinean dabil beti. Nahi dute jarri hautagaien artean, baina ez du neurria ematen. Jokalari onak dauzka, oso ona ere bai (Cristiano Ronaldo), baina gauza bat da onak izatea, eta bestea talde ona osatzea. Cristiano tartean dela oso zaila da taldea egitea, eta orain arte, Jose Mourinhok bakarrik lortu du antzeko zerbait. Mourinho bera selekzioko arduradun jarri beharko dute.

Talde izaerarik ezak esan nahi du jokalari bakoitza bere aldetik dabilela. Buru aldetik arinak direla, eta hori zama handia izan ohi da. Ez da talde fidagarria, eta zozketaren berri izan zenean, Alemaniaren eta Herbehereen pare jarri bazuten ere, ez dago eskailera maila berean. Txapelketan segitzea ezustea litzateke.