Azkeneko final-laurdena, gaur: Ingalaterra-Italia

Egilea:

Data: 2012/06/24

EUROKOPA 2012

Kieven jokatuko dute (20:45, Tele 5)

  • Final-laurden aspergarriak izan dira aurreko hirurak, arrazoi bat edo bestea tarteko. Gaurkoak jantziko al du txanda hau ikuskizunaren eta bizitasunaren arropekin? Ez da erraza asmatzen. Ingalaterraren esku badago erantzuna, ezezkoa da: defentsako lana eta kontraerasoa. Italiari galdetzen bazaio, baiezkoaren zantzu batzuk ikus daitezke: baloiaren jabetza, presioa eta erritmo bizi samarra… Betiere, bide hori aukeratzen badu, jakina.
  • Etsipenetik pozaldira igaro dira bi taldeak txapelketan. Ingalaterra etsi samar heldu zen, halabeharrez, entrenatzaile aldaketa eta jokalarien lesioak medio. Italia ia kanpoan geratu zen multzoen fasean. Futbolak eta beraien lanak eman die poza, eta final-laurdenetan elkartuko dira. Bietako batek tristura izango du gauean.
  • Izar dezente bilduko dira zelaian: Rooney, Gerard, Terry, Buffon, Pirlo, De Rossi, Cassano… Izarrak eta langileak denak. Lanarena ote da nolako partida izan daitekeen adierazteko pista? Lana egin egin behar da, hori da beste guztiren oinarria. Baina izarren talentua ezkutatzen duen lana lan ona al da?
  • Partidaren bidezidorrak ikusten hasita, hainbat aukera dago:
  1. Italiak atzetik jokatuta ateratzen badu baloia, Ingalaterra ez da joango presioa egitera. Atzerago jarriko da, eta saiatuko da Pirlo itotzen.
  2. Italiak atzetik jokatuta ateratzen badu baloia, Ingalaterra goian presionatzera joango da.
  3. Ingalaterrak ez dio utziko Buffoni motzean ateratzen. Jokalari aurreratuenak (Rooney eta gainerakoak) oso goian jarriko ditu horretarako. Hala bada, bigarren baloien garrantzia bistaratuko da.
  4. Batzuetan presioa egingo du goian Ingalaterrak, eta besteetan atzerago joango da.
  5. Ingalaterrak atzetik baloia jokatuta ateratzea beste aukera bat da. Baina atzelariek arriskuren bat gainean somatu orduko, ez dute arriskurik hartuko, luze joko dute.
  6. Ingalaterrak ez du motzean aterako baloia. Hartek luze joko du. Bigarren baloien garrantzia azalduko da.
  7. Italiak ez dio utziko Ingalaterrari baloia motzean atzetik ateratzen. Behartu egingo du Hart luze jotzera. Berriz ere bigarren baloien bila.
  8. Italiak erasoan baloia galtzen duenean, Ingalaterrako atzelariei eta erdikoei presioa egingo die.
  9. Italiak erasoan baloia galtzen duenean, ez du presiorik egingo. Atzeratu egingo ditu lerroak, kontraerasoan jokatzeko.
  10. Ingalaterrak baloia goian galtzen duenean, presioa egingo die italiarrei
  11. Ingalaterrak baloia goian galtzen duenean,lerroak atzeratuko ditu, kontraerasoan jokatzeko.
  12. Italiak baloiaren jabetza duenean, arriskuak hartuko ditu.
  13. Italiak baloia duenean, ez ditu arriskuak hartuko, eta uxatzeko luze joko du, arriskua gainetik kenduz.
  •  Goiko horiek balizko aukera batzuk baino ez dira, oso orokorrak. Gauza txikiagoetan sartu gabe (jokalari batek gorago edo atzerago jokatzen duen; hegalak itxi edo barrualdea itxi, zer aukeratzen duten, atzeko hegalekoak gora igotzen diren edo ez eta abar).
  • Izango da zer ikusia gaurko partidan. Bi taldeen artean ez dago alderik, eta hau izan daiteke final-laurden parekatuena. Bizigarri asko behar du Eurokopa honek. Ea gaurtik aurrera…