Azkena bai, eta azkena ez

Egilea:

Data: 2012/11/09

ESPANYOL-OSASUNA (bihar, 18:00)
Irabazteak lasaitasuna ekarriko du, eta galtzeak, kezka handitzea eta Mendilibarren geroa zalantza handitan jartzea.

‘Azkena’ hitzaren bueltan dabil Osasuna azkenaldian (ikusten?). Goazen ba hitz horren jiran aztertzera biharko partida. Espanyol-Osasuna (18:00):

  • Azkena balitz bezala jokatu behar du taldeak. Hala esan du Mendilibarrek: “Inoiz baino ausartagoak eta lotsagabeagoak izan behar dugu”. Finala ez da, Liga maiatzean edo ekainean finituko delako, baina bada oso-oso garrantzitsua.
  • Azkena dela ekingo dio Osasunak partidari. Beste talde guztiak aurretik dauzka.
  • Azkena izan behar du bolada txar honetan. Ale bakarra irabazita dago, eta amaitu egin behar du bide kaxkar honek.
  • Azkena bukatzen badu neurketa jokatu eta gero, Mendilibarren azkena izan daiteke Osasunan. Artxanko presidenteak konfiantza eman berri dio; bidali aurreko protokola izaten omen da. Bihar galduz gero, “kontratua izenpetzen duenak zurekin batera bidali egin zaitzake” (Mendilibar berak esana gaur bertan).
  • Azkeneko metroetan, zelaiaren neurriak hartuta, jakina, beste zerbait atera behar du taldeak. Zerbait edo asko. Lastima da Masud ez izatea, minez baita; oraintxe, bera da aurreko jokoari beste zerbait eman diezaiokeen jokalari hori.
  • Azkena izan dadila bolada txarrekoa (bai), eta azkena izan ez dadila Mendilibarrena Osasunan. Azkena bai, eta azkena ez.