Azken dantza
2.B MAILA (2. multzoa)
Azken jardunaldian gauza asko dago erabakitzeko, eta gure talde batzuek asko dute jokoan. Joseba Urkiolak aukera guztiak aztertu dizkigu.
90 minutu geratzen dira 2.B mailako denboraldi erregularra amaitzeko. Balorazioak egiteko izango da astirik, baita ondorioak plazaratzeko ere. Hausnarketak baina hurrengo asterako utziko ditugu. 38. jardunaldia biziki interesgarri dator. Batzuentzat poz iturri izango da, askorentzat haserre sortzaile, eta negar malko batzuk ere isuriko dituzte jokalari, talde eta zale ugarik. Baina patua horrela izaki, onartu egin behar. Arratsalde batek nekez eraldatu ahal izango ditu denboraldi oso batean eginikoak.
Jakinekoa da Alaves, Eibar eta Bilbao Athletic heldu den astelehenean play offetako zozketan izango direla. 4. postuak baina interesa eta irrika sortzen jarraitzen du. Azken une arte ez da erabakiko afera. Barakaldo eta Lleida dira hautagai nagusiak. Amorebietak aurreko astean Taxoaren irabaziagatik ezingo du ikasturtean zehar une askoan eurena izan duten postuaz gozatu. Negu amaiera eta udaberri hasiera gogorra egin zaie Urritxekoei, eta udazkenean bikain landutakoak alde egin die azken unean.
Barakaldoren kasua guztiz desberdina da. Iñaki Zurimendirenek negu zoragarria igaro dute. Ideia argiekin eta atzean askok nahiko luketen irmotasuna plazaratuz. Gol gutxiri zuku handia ateratzeko moduan izan dira. Hartze lanean berriz, ez dute askok izan ordea hori-beltzen atea zulatzeko ohorea. Igandekoa hil ala bizikoa izango da bizkaitarrentzat. S.D. Logroñesen aurka Las Gaunasen jokatu beharko dute. Oinak Errioxan izanagatik, ziur burua askok Lleidaren zelaian izango dutela, eta ez da harritzekoa. Puntu bakarrera dauzkate kataluniarrak, eta hutsik txikiena garesti ordaindu dezakete ezkerraldekoek. Animo faltarik ez dute izango. Aspaldi ez bezala, Barakaldok euforia handia sorrarazi du hirian, eta gutxienez 12 autobus bertan izango dira. Abadiaren taldeak lanak aspaldi eginak dauzka. Ohorea baina talde gutxiri gustatzen zaie galtzea, eta ziur Katalunia inguruan S.D. Logroñesen garaipena gustu handiz hartuko dutela. Bizkaitarrek euren esku daukate txartel preziatua. Atzean beti bezain sendo jarraituz gero, golak etorriko dira. Esperientziaz, esperantzaz eta ilusioz sobera daude. ETBK katean ikusgai izango dira Las Gaunaseko partidako irudi onenak 18:00etik aurrera.
Lleidak bere gotorleku partikularrean jokatuko du azken lehia. Alavesek, Bilbao Athletic-ek eta Eibarrek amore eman behar izan dute bertan. Armaginek partida zalantzagarri batean puntua lortu arren, argi dago Lleidan etxekoei nekez ihes egiten dietela puntuek. Aspaldian noraezean dabilen Osasuna Promesas izango dute aurkari. Zauritutako taldea. Oso gaizki ekin zioten kurtsoari eta argizpiak eduki arren, badirudi zail izango dutela 2.B mailan jarraitzea. Racing B-k, Izarrak, Teruelek eta Zaragoza B-k ezin dute punturik poltsikoratu eta Merinonek irabazi egin beharra daukate. Hori da salbazioa bermatzeko formula perfektua. Une honetan 19. postuan dira, eta Lleidak bere etxean izango duen giroa kontuan hartuta, misio gaitzari egin beharko diete aurre nafarrek. Ezer ere ez da ezinezk, baina zail dutela ezin ukatu. Barakaldok eskertuko die nafarrei punturen bat poltsikoratzen badute.
Amorebietak, Tudelanok eta Real Unionek heldu den denboraldian Espainiako Kopan egoteko egingo dute azken esfortzua. Postu gorenak ferekatzen egon dira, batzuk gustura dastatu ere bai, kasurik onenean ez da txarra izango bi lehiatan parte hartzeko aukera izatea. Nabarmendu Tudelanok eta Real Unionek elkarren aurka jokatuko dutela Tuteran. Ez da erraza Lunbrerasen taldeari aurre egitea Tutera Hirian. Neurria ondo hartua diote zelai zaharrari. Idiakezenak aspaldi ziren jakitun ez zirela postu garrantzitsuetan egongo. Baina Koparako sutsuki egin dute lan, eta helburua egia bihurtzen saiatuko dira.
Euskal taldeen artean Real Sociedad B da ezer jokoan izango ez duena. Oroimenean gordetzeko moduko denboraldia ez osatuagatik eta une askoan zalantza dezente plazaratu, lasai iritsi dira azkenean. Torrelavegako Gimnastikaren aurkako partidan ohorea izango da jokoan. Txuri-urdinek 43 puntu dauzkate, kantabriarrek berriz 42. Sestaorekin hasten dira zalantzak eta bestelakoak. U.D. Logroñesen aurka lehia garrantzitsua daukate. Final izaerakoa partida da ETBK katean 18:00etatik aurrera ikusgai izanen dena. 40 puntu dauzka Riberaren taldeak, beraz infernuko suaren beroa ondo sentitzen dute. Gorabeheratsua izan duten denboraldiari amaiera ona eman nahi diote. Lesioek, jende faltak eta epaileen erabaki askok ez aurrera eta ez atzera utzi dute une askotan Las Llanaseko taldea. 16 partida berdindu dituzte, galdu berriz 13. Lehen eginikoa txarra izan ez arren, irabazi beharrean dira heldu den denboraldiari gorputzaldi berriarekin aurre egiteko. UD. Logroñesek ez du ezer jokoan, gainera Pepe Blanco agurtu zutenetik nortasuna ere galduxea dute errioxarrek, eta aurrekontu potoloenetakoa edukiagatik, ahazteko moduko ikasturtea osatu dute. Las Llanaseko zaleek ez dute hutsik egingo, jokalari gehienak ere prest daude.
Peña Sportek ere Sestaok bezala 40 puntu dauzka. Azken bi partidatan Amatrianen taldeak maila eman du eta arnasa hartzeko moduan iritsi dira egiazko unera. Denboraldi hasiera ona izanagatik, majo sufritu dute Gorka Labordak agur esan zuenetik. Halere, pausoz-pauso helburua eraikitzen joan dira, eta baita orain 2 denboraldi baino itxura askoz hobe eta eraginkorra plazaratu. Azken partida Urritxen jokatu beharko dute. Azterketa zaila, nekeza eta tentuz ibili beharrekoa nafarrentzat. Axier Intxaurragaren eta jokalari batzuen azken lehia izango da talde urdina defendatzen, azken 24 hilabeteetako esperientzia gozoa behar bezala nahiko dute amaitu urdinek. Urritxe erreferentzia izan da une askoan berriki 2.B mailan. Tafallakoek asko jokoan izanagatik, agur dotoreak beti dira gogoangarriak eta horretan ahaleginduko dira etxekoak.
Izarrak izar guztiek bat egitea eta gehiago beharko du heldu den denboraldian brontzezko mailan egoteko. Une honeta helburu hori betetzea utopiraren parte da. 35 punturekin azkenak dira. Merkatondoan denboraldiari eta mailari agurra eskain diezaiekete. Alaves lider arranditsuaren bisita izango dute, eta babazorroek burua kanporaketan izanagatik Natxo Gonzalezek argi dauka azken liga azterketa ere gainditu egin nahi dutela aurkarien errespetuagatik. Lizarrakoek ia ezinezkoa izango dute brontzezko mailako abenturari jarraipena ematea.
Hauexek ba azken jardunaldiari ekin aurretik mahai gainean dauden zalantza, hausnarketa eta bestelakoak. 90 minutuk askorako emango dute. Arratseko 18:00etan hasi eta 20:00ak bitarte gertutik segi beharko da dena. Barakaldok berea egiten badu, 4 euskal talde egongo dira play offetan. Sestaok hutsik egiten ez badu 4 talde bizkaitar gutxienez heldu den denboraldian. Nafarren afera zalantza uhartea da. Baliteke 3 taldek agur esatea mailari edo hiruk momentuz jarraitzea, eta besteren baten postua ondorengo asteetan irabaztea. Igande iluntzerako erantzun guztien jabe izango gara. Gozatu baloiaren joko zoroaz.