Azkar eta ondo, usoak hegan

Egilea:

Data: 2013/04/21

OSASUNA 0
REALA 0

Erritmo bizian aritu dira bi taldeak, eta bietako inor ez da gai izan bestea menderatzeko.

  • Osasunak erronka bota dio Realari, berak nahi zuen bezalako partida atera zedin. Eta Realak ez du atzera egin, Osasunak nahi zuenari tinko heldu dio, eta halakoxea atera da partida. Osasunak intentsitatea nahi zuen, presio altua (Mendilibarrek atzo esan zuen bezala, “aurkariaren zelai zatian ibili behar dugu”), nahaste-borraste horretan etekina ateratzeko. Asmoaren erdia bete du, puntuak lortzen ibili baita eskas: hiru nahi eta bakarra jaso.
  • Real hau ez baita kikiltzen. Duela ez aspaldiko haren antzik ez du. Heldutasuna lortu du. Lehen ezkutatu eta galdu egin zituen halako partidak. Ez zuen buruz burukorik nahi izaten. Orain berdin zaio. Hainbat erregistro menderatzen ditu, eta Osasunaren moldean ere moldatzen dakiela erakutsi du.
  • Intentsitateak eta presioak ez dute normalean adiskide izaten zehaztasuna. Gehiago izaten dira akatsak, azken batean aurkariaren hutsa behartzeko erabiltzen baita presioarena, nork berak baloia beregana dezan. Osasunak goian estutu du Reala: atzelariak deseroso ibili dira, zer esanik ez erdilariak. Realak ere beste horrenbeste egin du: goian estutu. Eta beste baliabide hau ere atera du: lerroak atzeratzea, Osasunaren erritmo bizia sosegatzeko, “etor zaitez hona, harrapatuko zaitut kontraerasoan eta” pentsatuz.
  • Bi gabezia erakutsi dituzte bi taldeek, nagusiki: Osasunak Reala atzeratu izan denetan ez du asmatu sarea hausten; ezin jokaldi itxuroso bat ere landu. Realaren hutsa: defentsatik erasorako trantsizioan, hegalak baino gehiagotan erabili izan du erdiko bidea. Eta horrek bi arrisku dauzka: bat, jakina, baloia galtzea, eta bestea, galtzeko lekua, erdian galtzea hegalean galtzea baino arriskutsuagoa baita.
  • Presaka aritu dira bi taldeak, jokalariaren elkarren gainean pilatuta ibili direlako. Baloia ezin soseguz erabili. Presa eta zehaztasuna ez dira uztarri berean joaten, eta huts asko egin dituzte batzuek eta besteek baloiarekin.
  • Aukera gutxiko neurketa izan da, zenbait unetan irekia izan bada ere. Realaren argiena Agirretxerena izan da, Elustondok atera duen korner batean zutoinera bota baitu baloia; zutoina jo eta gero, Xabi Prietori heldu zaio baloia, eta jaurtiketa Andresek urrundu du. Beste geldiketa eta urruntze pare bat ere egin ditu Osasunako atezainak. Bravok ere izan dau lan pixka bat, areaz kanpoko jaurtiketetan ia osoa. Handik saiatu da Osasuna, baina ez du asmatu.
  • Partidaren azken ordu laurdenean edo, Realak kontraerasoa baliatzeko zelai gehiago izan du, baina ez du aukera zuzen erabili. Azkenean, hasi bezala amaitu da partida. Anoetan ere halaxe gertatu zen bi taldeen arteko partidan. Txapeldunen Liga eta mailari eustea puntu bat gertuago dituzte Realak eta Osasunak, hurrenez hurren.