Aurreneko finalerdia, gaur: Portugal-Espainia
EUROKOPA 2012
Donetsken jokatuko dute (20:45, Tele 5).
- Aurkari denak beldurtzen dituen Espainia, eta bi aurpegi dauzkan Portugal, aurrez aurre. Espainiaren aurka jokatu dutenetako batzuek beraien betiko eredua aldatu dute (Frantzia, kasu). Hau da: defentsari eman diote lehentasuna. Eta kale egin dute.
- Zer egingo du Portugalek? Hortik bi aurpegiena. Lehen fasean, defentsa izan zuen makulu (hobeto edo okerrago eginda), kontraerasoan aritzeko. Txekiaren aurka, final-laurdenetan, presioa egin zuen goian, eta baloia zelaiaren gainean gehiago erabili zuen gora iristeko. Eta erosoago egon zen taldea bere atetik urrunago defendituz. Lehen fasekoa aukeratzen badu aurkaria Espainia delako, sufritu egingo du. Bigarren aukerari balekoa ematen badio, Espania gehiago estutuko du.
- Espainiaren aurkari izan direnen artean txapelketa honetan, Italiak estutu du gehien. Eta gaur Portugalek hartu beharko lukeen bigarren aukera erabili zuen zenbait unetan: baloia erabili eta goian egin presioa.
- Espainiaren inguruan ere zalantza: aurrelari finkoa ala aurrelari finkorik gabe? Portugal atzean sartzen bada, Cesc hobe Torresen aldean. Portugal goian estutzera ateratzen bada, Torresen abiadura egokiagoa.
- Espainiak barrualdetik jokatu du askotan txapelketa honetan, hegalak baliatu gabe. Portugaleko defentsako lanak barrualdean du indarra, hain zuzen. Zelaia zabaltzeko asmoz, Pedro edota Navas aukera egokiak izan daitezke. Baina zein kendu?
- Portugal atzean sartzen bada, edo Espainiak sartzen badu baloiaren erabilera onarekin, espainiarrek kontuz ibili beharko dute baloia galtzean; zitala da Portugalen kontraerasoa.