Aurkaria ere ona denean…

Egilea:

Data: 2012/03/18

Athleticek nabarmen galdu du Valentziaren aurka San Mamesen (0-3), eta zaildu egin zaio Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Soldadok sartu ditu hiru golak.

Bi talde handi aurrez aurre. Athletic eta Valentzia. San Mamesen giro baikorra, Europako Ligan Manchester United txikitu eta gero. Halakoetan, edozein menderatzeko ahalmenaren ustea ugaritu egiten da. Baina gero, zelaian, Herrialde Katalanetako taldea nagusitu da (0-3).

Emaitzaren lehen ondorioa: Txapeldunen Ligara sartzeko aukerak gutxitu egin dira sailkapenean. Beste ondoriorik ez atera. Esaterako, emaitza nabarmena izanak eragin ditzakeenak. Hau futbola da, eta aurkaria norbera bezain ona denean, gerta daitezke gaurkoa bezalakoak. San Mamesek ondo ulertu du hori, eta”Athletic, Athletic” oihuka amaitu du partida.

11 partida falta dira oraindik Liga bukatzeko, eta ezer ez dago erabakita.

Soldadok txikitu ditu zuri-gorriak. Hiru golak bereak izan dira. Aurrelari petoa. Llorentek ezin izan du jokatu, beste golegileak. Erabakigarria izan dela ezin da esan, Athleticekoak jokatu izan balu zer gertatuko zen inoiz ezingo delako jakin.

Galdu egin da, eta kito. Ez dago besterik. Marcelo Bielsaren Athletic fidagarria da oso, eta Ligan azken bi partidak galdu baditu ere, gaia dauka edozein unetan eta edozein lekutan partida bat irabazteko.

Bideo honetan dituzue ikusgai golak:

 
http://www.youtube.com/watch?v=Y2KksMHISnw