Aurkari askori irabazi behar

Egilea:

Data: 2012/09/30

OSASUNA-LEVANTE
Denboraldiko lehen garaipena behar du taldeak konfiantza berreskuratzeko (18:00).

Osasunak Levante izango du aurkari gaur Sadar zaharrean (18:00). Kontrario gaiztoa eta zitala. Bere jokoa ondo menderatzen du, eta badaki zer egin behar duen. Ez dira gozoak izaten halako aurkariak.

Baina ez da gorritxoen aurkari bakarra izango. Sailkapenak ito egiten du, bost jardunaldi baino jokatu ez badira ere, eta zenbakiek ez dute gezurrik esaten: azkena doa Osasuna, puntu bakarrarekin, eta ez du partida ale bakar bat ere irabazi. Horrek estutasuna sortzen du jokalariengan, eta hori ere aurkari izango dute. Zerbaitegatik esan du Mendilibarrek: “Ez dugu jokatu behar irabaztea ezinbestekoa dela pentsatuz”. Presioaren zati bat kendu nahi izan die jokalariei.

Zaleak ere estu daude. Urduri gehienean. Lagundu, beti bezala lagunduko diote taldeari, baina jokalaria jakitun da zalea nola dagoen. Eta hori ere aurkari izan daiteke, neurketa ondo ez badoa. Ez da esan nahi zalea aurkaria denik, ezta gutxiago ere, baina jokalariaren buruan sartuta dago zalea kezkati dagoela.

Hitz gutxitan esanda, jokalariek beren buruari aurre egin beharko diote. Egoera zaila denean, oraingoa bezalakoa, lan asko egiten du, eta menderatu egin behar izaten da lepo gaineko ganbara. Akaso, Levante bera baino kontrario zitalagoa izan daiteke buruaren zama.

Osasunaren deialdia