Aukera bakarra dauka
OSASUNA-VALLADOLID (gaur, 17:50)
Irabazi beharra dauka gaur Osasunak, arazo handiagoetan sartu nahi ez badu.
Azaroan sartu berritan, talde batek irabazteko beharra badauka, seinale txarra. Horixe da Osasunaren kasua. Azkena da Ligan, partida bakarra irabazi du, eta gaur, Valladolid menderatu behar du arazo handiagoetan sartu nahi ez badu. Arazoa handitzea litzateke zuloaren sakonean beherago joatea, goikoak urrunago izatea.
Beharra zein den argi dago. Beharrari heltzeko bidea, ez. Azkenaldian, oso joko gutxi atera du Osasunak, eta horrela zailagoa da irabaztea. Baina nola lortu ondo jokatzea egun batetik bestera? Garbi esanda, konfiantza gutxi ematen du taldeak gaur egun. Baina futbolean gaua harrigarriak gertatzea ez da harritzekoa izaten.
Eskerrak aurkaria ere ez dabilen fin. Joan zen astelehenean, oso partida txikia jokatu zuen Realaren aurka, eta ez du antzik Liga hasierako taldearekin.
Erritmoa, bizitasuna, grina, euria, eguraldi txarra… horien denen beharrean izango da gaur Osasuna (17:50).