Atzeraka berriz?

Egilea:

Data: 2016/06/27

EUROKOPA  2016

 

  • Joan zen Eurokopako lehen fasea, eta badoaz final-zortzirenak. Eta zalea aspertzen ari da. Une soil batzuetan izan ezik. Itxiak ari dira izaten partida gehienak, lotuak, eta erritmoz makalak. Halako jokoa izateko eragileak bat baino gehiago izango dira, eta hemen, bati helduko diot: defentsako lanean, oso atzean sartzen ari dira talde ia denak.
  • Egoera horrek mantsotu egiten du jokoa, eta aurkari asko lotsarenak eginda azaltzen ari dira hain atzean sartzen zaien aurkariari min emateko lanean. Baloia oinetan erabili bai, baina ematen du gogoz kontra dela, atzean sartu den besteak aukera hori bakarrik utzi dielako. Ez borondatez. Azken batean, taldeak ez daude prestatuta baloia oinetan ondo eta zentzuz erabiltzeko. Posiziko jokoan kamuts eta eskas dabiltza ia denak. Eta behar da zerbait landua izan aurkaria hain atzean sartzen denerako.
  • Zergatik baina taldeen aukera defentsan hain atzean sartzea? Hemen hipotesiak azaltzen zaizkit, ez zehaztasunak. Baliteke denboraldi amaiera izateagatik, jokalarien nekeak ez uztea goian presioa egiten, horrek erritmoa bizitzea eta aldatzea dakarrelako. Nahiz eta baloiaren atzetik korrika ibili beharra ere nekagarria izaten den. Beste aukera bat izan daiteke hau: gaur egungo futbolean gero eta normalagoa da taldeek baloia erabiltzea (ondo eta zuzen erabiltzea, gutxi batzuen kontua baino ez bada ere), eta horri aurre egiteko era atzean sartzea izan daiteke. Ezin da ukatu atzean sartuta dabiltzan taldeek asko estutu dizkietela gauzak aurkariei, nahiz eta ia denetan azkenean galtzaile izan. Hirugarren aukera izan daiteke galtzeko beldur latza izatea, eta atezaina eta atzelariak ondo babestuta edukitzeko nahia izatea.

Euro 16 Defentsan - Football tactics and formations

  • Eutsi eta eutsi egoten dira, baina azkenean, eta azken miutuetan gertatu izan da sarri, gola jasotzen dute. Hain atzean defendatzea arriskutsua delako oso. Area barruan izaten da baloia noiznahi, eta suarekin jolastea da hori.
  • Atze-atzetik oso urruti ikusten da aurkariaren atea. Zaila da zeharo beste alderaino heltzea, eta zailagoa maila teknikoko jokalari apalak izanda, atzean sartuta defendatzen ari diren talde ia denei gertatzen zaien bezala. Aurrelaria norbere zelai erdiaren erdian egoten da, norbere areatik gertuago ia zelai erditik baino.
  • Baina ez da talde apalen kontua bakarrik izaten ari atzean sartzearena. Handi batzuk ere horretan dabiltza, eta horien hautu horrek itsusten du jokoa. Gehien eman dezaketenen neurria txikitzen ari direlako. Gainera, gero aurkariak gauza bera egiten badie defentsan, talde handi batzuen gabeziak posizio jokoan agerian geratzen ari dira. Sikiera trantsizio azkarrak egingo balituzte erasoan hasteko garaian… baina hori ere ez, salbuespenak salbuespen.
  • Makala eta geldoa doa Eurokopa hau, eta niri behintzat, duela hogeita sei urteko Munduko Kopa datorkit gogora. Bai, Italiako hura, aspergarria izan zen hura. Aurrera zihoan futbola ez ote doa berriz ere atzera?

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria