Atzekoz aurrera
ESPAINIAKO LIGA
Athleticek gaur (Malagan, 19:00) hasiko duen lehiaketan egin dezakeenaren inguruan gogoeta hau utzi digu Eñaut Barandiaranek.
Athleticek kontrara hasi du aurtengo denboraldia. Iaz egindako lan bikainak Txapeldunen Ligako atarian utzi zuen taldea, pauso bakarrera, baina baita ataka zailean ere, hasiera-hasieratik argi geratu baitzen balizko aurkarien maila ez zela edonolakoa izango, aurrera egitea gatz suertatuko zitzaiela, alegia. Arsenal, Bayer Leverkusen, Zenit, edo egokitu zaien Napoli bera Europan zaildutako taldeak dira, denak ala denak. Horri gehitu behar zaio, gainera, mota honetako kanporaketa batek goitik behera aldatzen duela edozein talderen prestakuntza, eta ohikoena helburuak ikasturte amaierarako finkatzea izaten den arren, zurigorrien aurtengo erronka garrantzitsuena abuztuan jarri da jokoan.
Izatez faboritoa talde italiarra bazen ere, joaneko partidako emaitza bikainak eta bueltakoa San Mamesen jokatzeak egoera irauli du, eta aurrera ez egitea danbateko erabatekoa litzateke klubarentzat. Hein handi baten, Txapeldunen Ligarako txartelaz haratago, Bukarest eta Calderongo finalak modu etsigarrian galdu zituen taldearen heldutasun maila jartzen da jokoan kanporaketa honetan, finala izan gabe ere, tenore honetako balentria gauzatzeak orduko zauriak ixteko eta azken urteetako ibilbidea finkatzeko balioko lukeelako, eta mugarri izango litzateke Klubaren azken hamarkadetako ibilbide gorabeheratsuan, baita bere filosofiarentzako bizkarreko ederra ere. Rafa Benitezen taldeek zer edo zer badute, ordea, egiten duten jokoaren ikusgarritasunaz haratago, euren eraginkortasuna da. Ezbaian jarri daiteke gauzatzen duten joko moldea, baina ez lortzen dituzten emaitzak. Zurigorriak ez dira fio, normala, eta Mertens edo Higuain aurrean izanda, beste asko ahaztu gabe, hobe argi gorri guztiak piztuta mantentzea, badaezpada ere.
Arreta guztia Europako zeru izarrez beteak bereganatzen duen arren,Valverderen mutilek ezin dute asteburu honetan hasten den Liga alde batera utzi. Lehen jardunalditik txandakatzeak egitea ezohikoa izanagatik, badirudi egoerak horretara behartuko duela entrenatzailea. Horra Athleticen aurtengo bigarren erronka nagusia: asteburuz astebururo aulkian esertzera ohituta dauden jokalariak talde dinamikan sartu eta Ligan lan txukuna egitea. Talde zurigorriak fitxaketa bakarra egin duela kontutan hartuta (Borja Viguera) eta Toquero, Sola eta Aurtenetxeren etorkizuna ezbaian delarik (baliteke hirurak utzita irtetea), Ibai, San Jose, Moran eta enparauek Lezamatik datozen kimu berrien, hala nola Guillermo, Bustinza, Aketxe edo Unai Lopezen laguntza beharko dute iazkoa errepikatu, edo behintzat lehia horretan egon ahal izateko.
Azken bi hamarkadetako historiak ia ezinezkoa dela erakutsi duen arren: hiru lehiaketa jokatzera ohituta ez dauden taldeek majo sufritzen dute Ligan Europan buru belarri aritu behar direnean, eta zeregin horretan maila galdu duen talderik ere ez da falta. Etxeko lanak eta Erasmus urtea uztartzea zaila dela, nonbait. Aurre denboraldian eman duten maila eskasa ikusita, gainera, asko dute hobetzeko Athleticen B plana osatzen dutenek Malagan garaipena lortu eta gauzak hasieratik ondo bidean jartzeko.
Athleticek kontrara hasi du ikasturtea, eta azterketarik zailena uda betean egin beharko du. Gaindituz gero, dena ezti eta apar. Kontrakoa gertatuko balitz, Bukarest eta Calderongo mamuak jarriko lirateke berriz ere dantzan. Eta dantzak, aukeratzekotan, hobe Aste Nagusian.