Athleticek gorantz segitu nahi du

Egilea:

Data: 2012/02/11

Betisen zelaian jokatuko du gaur gaur (22:00)

Joan zen asteburuan, aukera ona galdu zuen Athleticek sailkapenean oraindik eta gorago jartzeko. Espanyolek azken jokaldian kendu zizkion bi puntu San Mamesen. Gaur, gorantz jarraitzeko beste aukera bat izango du Bielsaren taldeak. Betisen zelaian jokatuko du (22:00).

Partiden aurretik gero zer gertatuko den asmatzea zaila da, baina itxuraz, gaur, hiru puntuak lortzetik ez luke oso aparte behar Athleticek. Bi taldeen jokatzeko moduari erreparatuz, ez da zalantzarik lehia irekia izango dela, erritmo bizikoa, joan eta etorrikoa. Eta halakoa ateratzen bada, zuri-gorriek baliabide gehiago dituzte partida bereganatzeko.

Deialdiari dagokionez, Ander Herrera geratu da Bilbon, zigortua dagoelako txartel horiak pilatzeagatik. Bere lekuan Iñigo Perez ariko dela baieztatu zuen atzo Bielsak. Deialdiko berrikuntza nagusia, hala ere, beste bat da: Ruiz de Galarreta gaztea Sevillan da.

Betisen, kezka nagusi

Gora eta behera dabil denboraldi honetan. Bikain ekin zion txapelketari; San Mamesen ere irabazi zuen lehen itzulian (2-3). Baina gero, beherakada handia eduki zuen. Ondoren, berriz ere bere onera itzuli zen, baina orain, maldan behera hasita dago.

Horrek buruko mina eragin dio Pepe Mel entrenatzaileari. Kezkatuta dago, eta argi bezain ozen esan du zer nahi duen: “Lehen Mailara igotzeko izan genituen baliok berreskuratu behar ditugu. Ezin dugu dena eman gabe jokatu”.

Mario eta Llorente, lehen itzuliko partidan, San Mamesen.