Athleticek badu entrenatzailea: Ernesto Valverde
ATHLETIC
Klubak ofizialki baieztatu du albistea, eta bihar eguerdian aurkeztuko dute. Kontratuaren iraupenaren berri ez du eman.
Athleticek badu entrenatzailea, eta ez da ezusterik izan: Ernesto Valverde (Viandar de la Vera, Espainia, 1964) eseriko da zuri-gorrien aulkian datorren denboraldian. Hala baieztatu du klubak.
Bihar eguerdian izango da aurkezpena (12:30, Ibaigane Jauregia), eta hantxe emango dute kontratuaren iraupenaren berri.
Bigarren aldiz izango da Athleticeko entrenatzaile. Aurreko aldian 2003-2004 eta 2004-2005 denboraldietan izan zen. Aurrenekoan, bosgarren sailkatu zen taldea Ligan, eta UEFAko Kopa jokatu zuen. Lehiaketa horretan, ez da ahaztekoa Standard Liegen zelaian lortu zuen emaitza: 1-7. Hurrengo denboraldian, Ligan bederatzigarren bukatu zuen, eta Espainiako Kopako finalerdiak jokatu zituen.
Geroztik Vila-real, Espanyol, Olimpiakos eta Valentzia zuzendu ditu. Hiru aldiz irabazi du Greziako liga.
Jokalari bezala, sei denboraldiz aritu zen Athleticen. 170 partida jokatu zituen.