Athletic-Zaragoza partidako egoera taktiko bi

Egilea:

Data: 2012/12/26

Zaragozak ederki itxi zion bidea Athletici baloia hegal batetik bestera eramateko lehen zatian, baina bigarrenean, Athleticek gainditu egin zuen aurkariaren baliabide taktiko hori. Bi egoerak aztertuko ditugu.

EGOERA OROKORRA

Egoera hau partida guztietan gertatzen da: defentsako lanari dagokio, eta zelai-erdiko jokalarien lana da; hain zuzen, hegaletako jokalariena. Beraien lana aztertuko dugu hemen.

Non kokatzen da baloia beste hegalean daukanean aurkariak?

  • Erdirantz joaten da, euskarriei laguntzera. Barrua ixtea esaten zaio.
  • Hegalean geratzen da. Kanpoa ixtea esaten zaio.

1. EGOERA: ZARAGOZAK EGIN ZUENA 1. ZATIAN

4 jokalarik osatu zuten zelai-erdiko lerroa Zaragozari dagokionez. Baloia hegal batean zeukanean Athleticek, beste hegaleko erdilaria kanpoa ixten jartzen zen. Ez zen erdira sartzen, euskarriei laguntzera.

Zein izan zen aukera horren helburua?

  • Athletici galaraztea baloia hegal batetik bestera eramatea. Hegaletik erdira ateratzen bazuten zuri-gorriek, beste hegalean ez zeukan pasea egiteko aukerarik, Zaragozako hegaleko erdilariak ixten zuelako bidea.

2. EGOERA: ATHLETICEK EGIN ZUENA 2. ZATIAN

Emaitza txarra zuenez, arrisku handiagoak hartzen hasi zen Athletic. Hegaleko bi atzelariak gorago hasi ziren jokatzen, Zaragozaren zelai-erdiaren barruan. Beraien aurretik jokalari bana zeukaten zabalduta. Baloia hegal batean zegoenean, hegal horretako erdilariak (Zaragozako atzeko 4ko lerroaren parean jarrita) barrurantz jotzen zuen, erdiko aurrelari bihurtuz eta bere taldeko hegaleko atzelariari lekua utziz. Ondorioz, Zaragozako hegaleko atzelaria erdiko atzelari bilakatzen zen, eta zelai-erdikoa hegalekoa, hegaleko atzelari. 5eko lerroa osatzen zuten horrela. Hautsita zeukan Athleticek hainbeste oztopo eragin zion baliabidea 1. zatian.

Zein izan zen aukera horren helburua?

  • Zelaia zabaltzea, lehendabizi. Gero, Zaragozako zelai-erdiko hegalekoa bere lekutik ateratzea, atzerantz, atzelari bihurtuaraziz. Hartara, Athleticek bide guztiak irekita zeuzkan baloia hegal batetik bestera eramateko, eta barrutik jokatzeko ere leku gehiago izan zuen, jokalari bat gutxiago zuelako Zaragozak orduan zelai-erdian. Zaragoza atzerago sartzeko helburua ere bazuen.

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria