Athletic-Reala: hainbat gako

Egilea:

Data: 2013/02/22

ATHLETIC-REALA

Arlo taktikoan, bi taldeen baliabideak aztertu ditugu, gerta daitekeenera gerturatzeko asmoz. Azterketa orokorra da, xehetasun txikietan sartu gabe.

Athleticen eta Realaren ereduak ondo zehaztuta daude, eta ez da gauza askorik aldatuko gaur gaueko derbiari begira. Ez dut uste, behintzat. Horregatik, bi taldeen baliabide taktikoak aztertu ditut, zelaian egin dezaketena aurreratuz, nolabait esateko.

Hiru zatitan banatu dut analisia: erasoa, defentsa eta trantsizioak.

ERASOA (ATHLETIC)

  • Saiatuko da baloia atzetik ateratzen joko ez zuzenaren bidez.
  • Joko ez zuzenaren aukera erabili ezin duenean, joko zuzena hautatuko du Adurizekin lotura egiteko. Bigarren baloia hartu, eta joko ez zuzena erabiltzen saiatuko da gero.
  • Hegalak asko erabiliko ditu. Orain arteko joerari eusten badio, eskuin hegala gehiagotan. Barrutik barrurako paseak ere baliatuko ditu, baita kanpotik barrurakoak ere. Horretarako, zelaia ondo zabalduko du lehendabizi, barruan leku gehiago izateko.
  • Erritmo bizia jartzen ahaleginduko da.
  • Errematera jokalari asko iritsiko dira, ohi duen moduan. Jokalari askorekin erasotzen du Athleticek.
  • Erasoan, hegal batean aukerarik ez badu, beste hegalera joaten saiatuko da, Realaren defentsako lanak aukera ematen duelako kontrako hegalean lekua izateko.
  • Zelai-erdian, teorian 3×3 izango dira, eta erasoko hegalekoak barruan era ibiliko dira jokalari kopuru berdintasun hori hausteko.
DEFENTSA (REALA)
  • Athleticiki galarazi egingo dio ziurrenik baloia atzetik joko ez zuzenaren bidez ateratzen. Raulek baloia duenean, lerroak aurreratuko ditu, pase motzen aukera kentzeko. Beste aukera bat  hau izan daiteke: Rauli uztea motzean ateratzen, eta atzelarien gainera presioa egitera joatea.
  • Baloia hegal batean denean, hor presio handia egingo du, espazioak murriztuz Athletici.
  • Athleticeko zelai-erdiko hirukoa asko estutzen saiatuko da, jokoa sor ez dezaten.
  • Euskarriek adi ibili beharko dute Athleticek hegaletatik erasotzen duenean, aurrekoei laguntza emateko hegalera joanez.
  • Presioa izango du defentsako lanaren oinarri, eta nahasi egingo ditu presio motak: presio altua, beheragokoa…
  • Lerroak asko atzeratzearen zalea ere bada, eta egingo du horrelakorik. Halakoetan, lerroak oso gertu jarriko dira, barruko paseak oztopatzeko Athletici, eta baskulazio lana izango da oinarrietako bat.
  • Athleticek luze jokatzen duenean, eta Aduriz jaisten denean goiko baloiaren bila, Illarramendik eta Markelek (biek jokatzen badute) galtzeko gehiago daukate lehia horretan, txikiagoak izanik. Erdiko atzelarietako bat joan daiteke Adurizekin baloi horren bila, eta euskarriren batekin orekatu eta berdindu lauko atzeko lerroa.
  • Athleticeko jokalariak asko mugitzen dira, eta Realekoentzat garrantzitsua izango da lekua ez galtzea, zuloak ez uzteko Athletici.
ERASOA (REALA)
  • Bravok baloia duenean, bi aukera erabiliko ditu: motzean atera edo luze jo.
  • Motzean aritzen denean, kontuan eduki beharko da Xabi Prietoren lana bi euskarrien aurretik, lotura lanak egiteko, erasoa aurreruntz eramateko. Zelai-erdiko 3x3koa hausteko, hegaletako jokalariek barrurantz joko dute. Vela da abila horretan.
  • Ikusi egin beharko da aurrelari mota bat edo bestea hautatzen duen Montanierrek: Agirretxe-Ifran edo Vela-Griezmann.
  • Hegaletan oinarrituko du erasoko jokoa, hegaletako atzelariak asko igoko dira. Hortik, erdiraketak egin zalea da Reala.
  • Athleticen buruz buruko zaintzak utziko dituen zuloak baliatzen saiatuko da, eta berezkoa duen jokalarien mugikortasuna aukera ona izan daiteke.
DEFENTSA (ATHLETIC)
  • Saiatuko da Bravori joko ez zuzena oztopatzen, lerroak aurreratuz. Jakin badaki, Realaren indarrik handiena ez dela goiko jokoa.
  • Bravok motzean ateratzen duenean, presio altua egingo du ziurrenik, Realak ez dezan erasoko jokoa asko aurreratu. Realeko erdiko hirukoa lotzea oso garrantzitsua izango da Athleticentzat.
  • Realak presio altu hori gainditzen duenean, zulo asko izango ditu parez pare, eta arazoa izan daiteke Athleticentzat. Are gehiago, buruz buruko zaintzak eginda.
  • Lerroak ere atzeratuko ditu, atzerago defendatzeko.
TRANTSIZIOAK (ATHLETIC)
  • Defentsatik erasora joateko orduan, azkartasuna du oinarri Athleticek. Kontraerasoan oso eroso ibiltzen da.
  • Erasotik defentsara joaterakoan, presioa du oinarri. Ahalik eta altuena bada, hobe. Presioaren aukera ezin denean gauzatu, lerroak atzeratuko ditu.
TRANTSIZIOAK (REALA)
  • Defentsatik erasora joateko, ez da beti bizi ibiltzen. Jokalari batzuk zaleak dira baloia eramaten. Athleticen defentsako lana irakurri egin beharko dute, eta azkar jokatu behar denean azkarrago jokatu. Kontraerasoa ondo baliatzen ere badaki.
  • Erasotik defentsara joateko, bi aukera: baloia goian galtzen denean, presioa egiten du. Egin ezin denean, lerroak atzeratzen ditu.

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria