Athletic-Mirandes partida zuzenean komentatzeko aukera
Zure komentarioak egin ahal izango dituzu, neurketan zehar gertatzen ariko denaz
Gaur gauean ere zabalik izango da gurean futboleko partida bat komentatzeko aukera. Athleticek eta Mirandesek San Mamesen jokatuko dute gaur (22:00), eta Espainiako Kopako finala dute helburutzat. Bertan gertatzen ariko denaz zuzenean jardun ahal izango duzu.
Partida hasi baino pixka bat lehenago zabalduko dugu aukera.
Joan zen larunbatean egin genuen aurreneko saioa, Bartzelona-Reala partidan.
Partidaren atariko kontuak
Dena du alde Bielsaren taldeak finalera sailkatzeko. Batetik, joaneko partidan izandako emaitza: 1-2 irabazi izanak abantaila handia ematen dio. Bigarrenik, San Mamesen babesa: zaleek aparteko bultzada emango diote taldeari, eta horrek aldeko eragina edukiko du. Eta hirugarrenik, eta ziurrenik abantaila nabarmenena, Athleticen fidagarritasuna: beti lehiatzen du ondo, neurketetan sartuta egoten da uneoro, eta gainera, Mirandes baino askoz hobea da. Gero, erakutsi egin beharko du hobea dela, baina horretan ere bada fidagarria. Inork gutxik jartzen du zalantzan taldeak onena emango duela.
Bielsak ez du ezusterik eman deialdian, eta 11koan ere onenak aterako ditu.
Mirandesi dagokionez, ez da berrikuntzarik, eta Carlos Pousok ere 11ko sendoa aterako du, ezustea ematen saiatzeko.

Iraola eta Susaeta, joaneko partidan.